Bizkaiko txirrindulari gazteek hitzordua daukate Gizaburuagan
Etzi jokatuko da Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Gizaburuagako Eskolarteko IV. BTT Lasterketa.Lasterketa 11:00etan hasiko bada ere, parte hartzaileek aurretik agertu beharko dute zirkuitu gunera...
Lasterketa 11:00etan hasiko bada ere, parte hartzaileek aurretik agertu beharko dute zirkuitu gunera. Izan ere, txirrindulariek proba hasi baino ordubete arinago eman behar izango dute izena.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Bizkaian federatuta dauden txirrindulariek edo Bizkaiko txirrindulari talde bateko kide diren 8 urtetik 14 urte bitarteko eskola umeek parte hartu ahal izango dute bakarrik proban.
Domekarako nahikoa eguraldi ona dago iragarrita, eta jende asko batuko dela uste dute antolatzaileek. «Bertan momentura arte ez dugu jakingo zenbat parte hartzaile dauden. 100 lagunetik gora egongo direla aurreikusten dugu».
Adinaren arabera
Zirkuituari dagokionez, udaletxe atzeko zelai inguruetan ibiliko dira txirrindulari gazteak, urtero modura. Adinaren arabera egokitutako zirkuituari bueltaka ariko dira parte hartzaileak, eta zailtasuna ere handiagoa izango da. Gazteenek (12 urtera artekoek) 600 metroko zirkuitua eta nagusienek 1.200 metroko zirkuitua bete beharko dute. «Guk zirkuitua prest daukagu, baina euria edo basa asko egonez gero, federazioak luzera alda dezake».
Proba egiten lehenak gazteenak izango dira, eta azkenak, zaharrenak. Gazteenak zelaian zehar prestatu duten zirkuitua bete beharko dute, eta nagusienak, zelaian zehar ez eze, bidegorrian zehar ere ibiliko dira. Bide gorritik pasa behar diren oinezkoei ordu horretan kontuz ibiltzeko eskatuko diete.