Bizkai osotik etorritako 150 txirrindulari gaztek parte hartu zuten atzo [apirilak 22] Gizaburuagan jokatu zen Gizaburuagako Eskolarteko IV. BTT lasterketan. Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak elkarlanean antolatu dute kirol proba, eta
emaitzagaz oso gustura geratu direla nabarmendu dute. “Eguraldi ona egin zuen, eta parte hartzaile asko izateaz gain, jende asko batu zen proba bera ikusten. Parte hartzaileak eta proba ikustera etorri zirenak gustura geratu ziren”.
Antolatzaileek igorritako datuen arabera, Bizkaian federatuta dauden
hamabi taldetako txirrindulariek parte hartu dute proban, giro ezin hobean. Honakoak izan dira aurten Gizaburuagan bildu diren taldeak: Berango, Mendi mendi, Balmaseda, Arratia (Murias), Zaldibar, Markina-Xemein, Amorebieta, Ermua, Durango, Fundacion Euskadi, Busturia eta Bilbaina. Eta txirrindulari gehien Zaldibar eta Arratia taldekoak izan direla azaldu dute. “Zaldibar taldekoak 25 izan dira, eta Murias taldekoak, ostera, 23. Parte hartzailee gazteenak, bestalde, 8 urte izan ditu, eta zaharrenak, ostera, 15”.
Gaztetxoak Gizaburuagako BTT lasterketan parte hartzen. Argazkia: Gizaburuagako Udala
Probari dagokionez,
zortzi lasterketa izan ziren guztira. Gazteenek 600 metroko ibilbidea osatu behar izan zuten udaletxe atzean prestatuko zirkuituan, eta nagusienek, berriz, 1.200 metroko zirkuitu luzea egin zuten. Nagusienak zelaian zehar ibiltzeaz gain, bidegorrian ere ibili ziren bizikletaz.
Datorren urtean ere
lasterketa antolatzeko asmoa daukatela azaldu dute antolatzaileek. “Federakuntzatik hemezortzi proba antolatzen dira urtero, eta, aurten, 26 izan dira izena emanda egon direnak. Hortaz, zortzi proba kanpoan geratu behar izan dira, eta horiek datorren urtean lehentasuna edukiko dute probak antolatzeko orduan. Gu saiatuko gara proba datorren urtean antolatzen, baina federakuntzak baimena ematen digun ikusi beharko da”.
Antolatzaileek, bestalde, proba egitea posible egin dituztenak eskertu nahi izan dituzte. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Lekeitialde Txirrindulari Elkarteari, Gizaburuagako Udalari, HITZA-ri arkua lagatzeagatik eta Ispasterko Udalari zirkuitua mugatzeko barandak lagatzeagatik”.