Barinagaraino zabaldu du kultur eskaintza Auzotu ekimenak
Kultura eta aisialdia bat eginez, Barinaga ekimenez bete zuen zapatuan Auzotu egitasmoak. Herriko jai batzordeak auzotarren laguntzagaz, ibilaldia, askari oparoa eta ikuskizunak antolatu zituen, eta horrela, primerako arratsaldea igarotzeko aukera eduk...
Markina-Xemeingo Goiko Portalean batuta ekin zion bideari ekimenean parte hartu zuen lagun taldeak. Ibilbideko ingurumenagaz jabe egiteko zuhaitz ezberdinak aurkitzen joan ziren bidegorrian zehar, eta ezustekoak ere izan zituzten. Lehenengo, Munibeko kondea agertu zitzaien zaldian. Lur guztiak bereak zirela argi utzi zuen, eta handik igarotzea garai batean ordaindu egin behar zela gogoratu ondoren, ordaintzeko eskatu zien. Aurrerago, berriz, Antsotegiko nagusiak eta bere zerbitzariak gelditu zituzten ibiltariak, eta burdinola eta errota izan zen eraikinera gonbidatu zituzten haren historia azaltzeko.
Antsotegiko historia ezagutu eta atsedena hartuta jarraitu zuen bidegorrian aurrera taldeak, eta Galartza industrigunean mendirako bidea hartu eta Barendan zehar igarota jaitsi ziren Barinagara auzoa ezagutzeko gogoz. Jolaserako, museoa ezagutzeko edo auzoan zehar bueltatxoa emateko tartea hartuta, auzoko perratokia eta haren erabilera ere ezagutu zituzten askaria orduko.
Janariz betetako mahai luzea prestatu zuten auzotarrek herrigunetik abiatu zen taldearentzat: tortilla, txorizo, gazta, kroketa, txokolate, gaileta…, mokadutxoak esker onez hartu zituzten parte hartzaileek. Ekimena borobiltzeko, gainera, perratokiaren ingurua anfiteatro bihurtu eta klown ikuskizunekin gozatzeko aukera eduki zuten guztiek.