'Gernika 1882' lana antzeztuko dute maiatzaren 11n, Lizeo Antzokian
40 herritarrek sei hilabetean egindako lanaren emaitza da antzezlana. Gernika eta Lumo batu zireneko 1882ko urtarrilaren 8a landu dute, era didaktikoanGernika 1882 antzezlanaren aurkezpena egin zuten atzo Gernika Antzerki Taldekoek, Elai-Alai aretoan. ...
40 herritarrek sei hilabetean egindako lanaren emaitza da antzezlana. Gernika eta Lumo batu zireneko 1882ko urtarrilaren 8a landu dute, era didaktikoan
Gernika 1882 antzezlanaren aurkezpena egin zuten atzo Gernika Antzerki Taldekoek, Elai-Alai aretoan. Antzerkiaren zuzendari Mila Artetxe, Gernikazarrako kide eta gidoilari Vicente del Palacio eta Gernika-Lumoko Udaleko kultura zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxea bildu ziren bertan, antzezlanean parte hartzen duten herritarrekin batera.Gernika eta Lumo batu ziren 1882ko urtarrilaren 8ari buruzko antzezlana da Gernika Antzerki Taldekoek sei hilabetean prestatu dutena. Gertakizun hori 40 lagunek taula gainera eramango dute, era didaktikoa herriko historia ezagutzeko modu egokia delakoan.
Magunagoikoetxearen berbetan, «iaz antzeztutako Gernika 1366 antzezlanaren jarraipena da aurtengoa». Iazkoa «arrakastatsua» izan zela ikusita, antzerki taldeak «Gernikaren fundazioa balioan jarri» duela adierazi du udaleko kultura arduradunak. Taldearen bigarren antzezlanari buruz «erronka berri bat» dela azpimarratu du, beraien «asmo ona» balioan jarriz: «Gernikaren historiako beste urte esanguratsu bat jorratuko dute, izan ere, Gernikako hiribildua eta Lumoko elizatearen arteko lotura antzeztuko dute herritarrek».
Vicente del Palacio gidoilariak 1882ko gertaera azaltzen duen antzerkia dela azaldu du, eta gehitu du Angel Allende Salazar omentzen duen lana ere badela, «bera izan baitzen garai hartan Gernika eta Lumo batzeko proposamena Madrilgo Gorteetan plazaratu zuena».
1882ko gertaera historikoa lantzen duen drama da antzezlana; «Lumoko baserritarren eta Gernikako burgesen arteko eztabaida lantzen duena», adierazi du Vicente del Palaciok.
Mila Artetxe zuzendariak «modu entretenigarrian herriko bizimodua nolakoa zen, zer gertatzen zen eta zelan izan zen Gernika eta Lumoren bateratzea» azaltzen duen antzerkia dela gehitu du aurkezpenean. Hala, antzezlanean agertuko diren pertsonaia guztiak «errealitatean oinarritutakoak» direla adierazi du, «dokumentazio lanari esker» egindako lana dela esanez.
Agerraldia
Magunagoikoetxeak adierazi du maiatzean estreinatuko den antzezlana «entretenigarria, ikustekoa eta ikastekoa» dela.
Maiatzaren 11n, beraz, Gernika eta Lumo nola batu ziren azaldu eta taula gainera eramango duen antzezlanagaz gozatzeko aukera egongo da Lizeo Antzokian, 20:00etan hasita. Hurrengo zapatuan, gainera, lana bigarrenez antzeztuko dute, ordu eta leku berean.
Antzezlana gaztelaniaz izango bada ere, euskarari keinu batzuk egingo dizkiotela adierazi dute aurkezpenean; «euskarazko esamoldeak landu dituzte eta».
Bertaratu nahi duenak 2-3 aste lehenago izango du sarrera erosteko aukera, 3 euroren truke, Lizeo Antzokian. Hala ere, egunean bertan ere jarriko dituzte sarrerak salgai, Lizeon.