'Errementari' filmari lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte Mutrikun
Paul Urkijo filmaren zuzendariak hitzaldia emango du bihar, Gaztetxean. Udalaren eskutik bi aldiz proiektatuko da filma. Sarrerak salgai daude turismo bulegoanMutrikuko Gazte Asanbladako kideek egitarau oparoa aurkeztu dute Paul Urkijo gasteiztarraren ...
Paul Urkijo filmaren zuzendariak hitzaldia emango du bihar, Gaztetxean. Udalaren eskutik bi aldiz proiektatuko da filma. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan
Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek egitarau oparoa aurkeztu dute Paul Urkijo gasteiztarraren lehendabiziko film luzea erdigune hartuta. Errementari filmari buruzko bi hitzaldi eta ipuin kontaketa antolatu dituzte, hain zuzen ere.Besteak beste, Koldo Zuazo hizkuntzalaria gonbidatu dute gaur 19:00etan Gaztetxera, Euskara batua, euskalkiak eta gainerakoak hitzaldia ematera. Filmean XIX. mendeko Arabako euskalkia erabili dute, eta horretarako Zuazoren laguntza behar izan dute.
Paul Urkijo filmaren zuzendaria ere bihar Gaztetxean izango da, 19:00etatik aurrera. Bere azken lanari buruzko hainbat azalpen emango ditu Errementari filmaren beste aldea hitzaldian.
Apirileko ekimenekin amaitzeko, azkenik, Patxi Errementari, gaizto eta bihurri ipuina kontatuko du Oihana Etxegibelek. «Patxi errementaria, oinarrian, ipuin bat da. Orain filmak hartu du indarra, eta berau proiektatuko bada ere, ipuinari berari ere indarra eman nahi izan diogu». Nabarmendu dutenez, ipuin kontalariaren saioa, batez ere, 4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena izango da.
Mutrikuko Udalaren eskutik, bestalde, filma bi aldiz proiektatuko dute Zabiel kultur etxean: bihar 22:00etan eta domekan 19:00etan hasita. Udal iturriek adierazi dutenez, sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira turismo bulegoan. Saio bakoitzeko 70 sarrera ipini dituzte salgai, 3 euroren truke.