Herri Lagunkoia proiektuaren barruan inkestak banatuko dizkiete herritarrei
Diagnostiko fasea martxan dute Ispasterren. Ahalik eta parte hartze handiena lortzea dute helburu, eta hori errazteko, besteak beste, galdetegiak banatuko dituzte etxeetanHerri Lagunkoiak proiektuaren diagnostiko faseagaz hasi dira ispastertarrak. Ekai...
Diagnostiko fasea martxan dute Ispasterren. Ahalik eta parte hartze handiena lortzea dute helburu, eta hori errazteko, besteak beste, galdetegiak banatuko dituzte etxeetan
Herri Lagunkoiak proiektuaren diagnostiko faseagaz hasi dira ispastertarrak. Ekainera arte horretan murgilduta egongo dira, eta irailetik aurrera ekintza plana diseinatzen hasiko dira. Horretarako, lehentasunezko gaiak eta epeak zehaztuko dituzte. Datozen hiru urteetan martxan izango dute plana.Diagnostiko faserako hainbat ekintza aurreikusi dituzte. Orain inkestekin hasiko dira, eta herritar guztiengana bideratuko dituzte. Udaletxean eta mediku kontsultategian kutxak jarriko dituzte. Horietan galdetegiak eskuratu, eta bete ostean horietan utzi beharko dituzte. Horregaz batera, parte hartzea errazte aldera, postontzietan ere utziko dituzte, «etxe bakoitzean nahi duenak betetzeko».
Otsailean eta martxoan talde fokaletan bildu ziren, herritarreen iritzi kualitatiboa jasotzeko. Sei saio horietan pertsona nagusiekin, zaintzaileekin eta profesionalekin batu ziren. Horien ondorioak jasota dituzte. «Hausnarketa kualitatibo bat egitea da helburua», azaldu du Isko Cardenal proiektuaren arduradun eta Bizitzen Fundazioko kideak.
Herri Lagunkoien proiektua udalek bideratzen dute. Iazko urte hasieran, udala Bizitzen Fundazioagaz harremanetan jarri zen, eta proiektua nola bideratu aztertzen hasi ziren. Ondoren, proiektua martxan jartzea onartu zuten osoko bilkuran.
Talde eragilea
Prozesua Vancouver-eko protokoloa deritzona betez gauzatuko dute. Prozesu parte hartzailea da; pertsona nagusien ikuspuntutik herria nola hobetu daitekeen aztertu, eta hori lortzeko pausoak emango dituzte. Horretarako, iaz lehen faseagaz hasi ziren, talde eragilea sortuz.
Talde horrek proiektua dinamizatzeko ardura dauka, eta zazpi pertsonak osatu dute: Izaskun Lezea gizarte langileak, Garbiñez Saenz de Buruaga alkateak, gazte batek eta lau edadetuk bi emakumezko eta bi gizonezko. «Batzuk nagusien elkartekoak dira; beste batzuk ez. Denen ikuspuntua jaso nahi izan dugu».
Aurtengo sei saioetan 30 pertsona batu ziren, «kopuru garrantzitsua», eta nagusien saioetan 21 pertsonak parte hartu dute. «Gustura egon dira, eta jarrera oso baikorra ikusi da», adierazi du Saenz de Buruagak.
Saioak aberasgarriak izan direla azpimarratu dute. Deialdiek izandako erantzunaren balorazioa positiboa dela deritzote, eta aurrerantzean ere ahalik eta parte hartze handiena lortu gura dute. «Askok aipatu dute bizi kalitate ona dutela; ondo bizi direla eta seguru sentitzen direla. Etxekoengandik, ingurukoengandik zein administrazio publikotik dituzten laguntzak ontzat hartzen dituzte», aitatu du Lezeak.
Herriko umeekin egindako belaunaldien arteko ekintzekin pozik daudela ere esan diete, lehenagoko ohiturak landu eta elkarren arteko errespetua bultzatzen dutelako. Horrelako gehiago egiteko premia ikusi dute.
Atera diren lehen ondorioen artean, garraioari buruz duten kezka argia da. Esaterako, osasun eta zerbitzuen edo aire zabaleko espazioen gaiez galdetzean garraioa atera da. «Orokorrean alde positibo asko atera dira. Jendeak orokorrean herria nahikoa ondo ikusten du, eta alde negatiboak hobetzeko atalean proposamen asko atera dira».
Belaunaldi guztietako jendeak parte hartzea oso garrantzitsua dela nabarmendu dute. «Zahartzaroan gero eta jende gehiago dago. Orain arte, herrietan ez dira eurak kontuan hartuta erabakiak hartu; eraldaketa beharrezkoa da», dio Cardenalek.
Diagnostikoaren ondorioak herritarren helaraziko dizkiete: «Jakinaraztea da helburua, diagnostiko horren berri denok eduki dezagun», zehaztu du Ispasterko alkateak. Hiru urteak pasatuta, ebaluaketa egingo dute.