Lea-Artibai eta Busturialdetik igaroko da lehen Bizkaia 3E bira
Gizonezkoen 23 azpikoen mailako 25 taldek parte hartuko dute norgehiagokan. Hiru etapa izango ditu: Markina-Xemeingoa, Ibarrangelukoa eta Berriatukoa. Bihar hasiko dira lehiatzenBizkaia 3E hiru egunetako itzuliak zeharkatuko ditu Lea-Artibai eta Bustur...
Gizonezkoen 23 azpikoen mailako 25 taldek parte hartuko dute norgehiagokan. Hiru etapa izango ditu: Markina-Xemeingoa, Ibarrangelukoa eta Berriatukoa. Bihar hasiko dira lehiatzen
Bizkaia 3E hiru egunetako itzuliak zeharkatuko ditu Lea-Artibai eta Busturialdea barikutik domekara bitartean. Hiru etapak osatzen dute gizonezkoen 23 azpikoen mailako norgehiagoka berria: Markina-Xemeingoak, Ibarrangelukoak eta Berriatukoak. Markina-Xemein, Ibarrangelu eta Berriatuako udalen babesagaz, Markina-Xemein, Gernika eta Berriatuko txirrindulari elkarteen laguntzagaz eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren azken bultzadari esker jarri dute abian proba berria. «Lasterketa hau proiektu xumea bada ere hurrengo urteetan berriz ospatzeko asmo sendoz abiatu da Bizkaiak 2.13.1 kategoriako itzulia merezi duelakoan», iragarri dute.Aurten estreinatzen den bira honetan 25 taldek parte hartuko dute, Euskal Herriko hamarrek eta Espainia, Portugal eta Akitaniako beste hamabostek. Taldeak zazpi txirrindulariz osatuta egongo dira, eta, beraz, guztira 175 txirrindularik osatu beharko dituzte eskualde bietako ibilbideak.
Guztira 4.775 euro banatuko dituzte sarietan, eta lau mailot egongo dira jokoan: liderraren arrosa, erregulartasunaren berdea, mendiko laranja eta tarteko helmugako urdina.
Etapak
Markina-Xemeingo etapagaz hasiko da Bizkaia 3E bihar, 28. Sabin Foruria Memorialagaz. 15:30ean hasiko da lasterketa, eta 103 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik txirrindulariek Markina-Xemeingo Aldaola kaleko helmugara heldu aurretik. Ondarroa, Lekeitio, Milloi eta Markina-Xemein arteko bidea egingo dute lehenengo, eta ondoren, Lekoiz, Aulesti, eta Milloitik Markina-Xemeinerainoko buelta egin beharko dute bi bider.
Zapatuan, Ibarrangeluko Sari Nagusia lasterketa lehiatuko dute. Bigarren etapa horretan 120,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. 15:30ean irtengo dira Ibarrangeluko Elexalde auzotik, eta Gautegiz Arteaga, Kanala eta Laidan zehar emango dute lehenengo buelta. Ondoren, Natxitua, Ea, Bedarona inguruetan zehar ibili ondoren Ibarrangelura itzuliko dira, eta Gautegiz eta Laga arteko tartea beste lau bider osatu beharko dute helmugaratu orduko.
Domekakoa izango da etaparik luzeena. Berriatuko San Gregorio Saria III. Asier Aranzeta Memorialak 131,8 kilometro izango ditu guztira. 10:00etan hasiko dute lasterketa, eta Berriatua, Ondarroa, Lekeitio, Milloi eta Berriatua arteko ibilbidea hiru bider igaro beharko dute txirrindulariek, eta, ondoren, Debaraino joango dira, Mutrikutik igarota bide beretik berriz Berriatura itzultzeko.