Memoriaren ibilbidea egingo dute lehenengoz, Batzarretxean hasita
36ko gerrako euskal gudarien omenezko eskultura inauguratuko dute Pasealekuan, zapatuan. Herriko ikastetxeetako ikasleek piztuko dute sirena hotsa aurtenGernika bonbardatu zutenetik 81 urte igaro dira, eta gertatutakoa gogoratzeko udalak eta Gernika Go...
36ko gerrako euskal gudarien omenezko eskultura inauguratuko dute Pasealekuan, zapatuan. Herriko ikastetxeetako ikasleek piztuko dute sirena hotsa aurten
Gernika bonbardatu zutenetik 81 urte igaro dira, eta gertatutakoa gogoratzeko udalak eta Gernika Gogoratuz elkarteak hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko. Memoriaren Ibilbidea ekimena da aurtengo urteurrenari begira antolatutako ekitaldi berrietako bat.Gernika-Lumon 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa memorian mantentzeko, eta bonbardaketan hildakoak omentzeko ekitaldiz beteko da herria gaur, baita asteburuan ere. Udalak eta Gogora institutuak Memoriaren Ibilbidea egingo dute 11:00etan Batzarretxean hasita, eta herriko lekurik esanguratsuenetan jarritako panel informatiboak inauguratzea du helburu. Panel bakoitzak leku bakoitzari buruzko informazioa eta memoria lanketa egiten du.
Ibilbidean gainera, Pasealekuko babeslekuei irekiera emango dietela jakinarazi du udalak.
Urtero legez, 15:45ean, 4 minutu ekimena egingo dute, eta sirena eta kanpai hotsak entzungo dira herrian. Gernika Batzordeak, Gernikako Lobek eta Kultur Etxeak antolatutako ekimenean, aurten, Gernika-Lumoko ikastetxeetako gazteek aktibatuko dute sirena.
Gaurko egunaz gain, asteburuan ere bonbardaketa eta 36ko gerra gogorarazten duten hainbat ekintza egingo dira Gernika-Lumon.
Ekintza horien artean, «gerran demokrazia eta askatasuna gorde zuten euskal gudariei» omenaldia egingo die udalak zapatuan, Pasealekuan. 13:00etan, gudariei omenaldia egiten dien eskultura inauguratuko dute, eta horregaz, «bizikidetza, bakea, askatasuna eta demokrazia babesteko borrokatu zutenentzako justizia eta omenaldi jarduna» gauzatu gura duela adierazi du udalak.
Pasealekuan jarriko den brontzezko eskulturak 3,17 metroko luzera eta 1.200 kiloko pisua dauka. Jaizkibel Fundazioak egin du, «gudarien adorea hurrengo belaunaldiei erakusteko eta oroitzapena eta memoria ez galtzeko».
Hitzaldiak
Gernika Gogoratuz elkarteak, gainera, astebururako hainbat elkarrizketa eremu ireki ditu Hiroshimak eta Gernikak Bakearen Kulturari egindako ekarpen sinbolikoa aztertzeko. Izena ematea beharrezkoa da horietan parte hartzeko.
Elkarteak esan duenez, «gerra eta ugaritze nuklearra garaiko errealitateak dira», eta horiei buruzko hitzaldiak egingo dituzte.«Iraganeko gertaeratik ikasi behar dugu gizateriaren aurkako mehatxuak saihesteko, eta, aldi berean, planetarentzako jasangarriak diren ekimenak garatzeko gaitasuna landu behar dugu».