Zaharren egoitzako kontu ikuskaritza ez dela beharrezkoa dio udalak
EAJk salatu du Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren kanpoko ikuskaritzari uko egin diola udalak. Zazpi urtean kalitatezko zerbitzuak eskaini dituztela diote GOUPekoekEAJ-PNVk Sancti Spiritus Bermeoko zaharren egoitzari buruzko kudeaketa ikuskaritza egit...
EAJk salatu du Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren kanpoko ikuskaritzari uko egin diola udalak. Zazpi urtean kalitatezko zerbitzuak eskaini dituztela diote GOUPekoek
EAJ-PNVk Sancti Spiritus Bermeoko zaharren egoitzari buruzko kudeaketa ikuskaritza egitea eskatu du. Beharrezkoa ez dela iritzita, udala horren kontra agertu da. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente eragileak salatu du ikuskaritza eskaeraren helburua zaharren egoitzako «hainbat zerbitzu pribatizatzea» dela.Jeltzaleek kritikatu dute udalak ikuskaritzari uko egitea. Udalak 5 milioi euro bideratzen ditu patronatura, eta «kostu handi» hori «zorroztasun osoz, eraginkortasunez eta gardentasunez» kudeatu behar dela diote. Aritz Abaroa bozeramailearen hitzetan, «kudeaketaren gardentasunak izan behar du udal gobernuaren zutabeetako bat. Informazioa benetakoa, zehatza, eta eguneratua eman behar du aurrekontu, gastu, balantze eta eginkizun administratibo denen inguruan».
Ibarrolazak, ostera, Bermeoko kudeaketa ikuskaritza bat egiteko beharra ez dela existitzen azaldu du. «Azken urteetan, GOUPeko kudeaketa hobetzeko helburuagaz hiru kudeaketarako ikuskaritza eta ikuskaritza fiskal bat garatu dira, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizazio lana gauzatu zuen 2014. urtean».
GOUPen 2011n egindako ikuskaritzak zehaztutako kudeaketa eredua jarraitzen dutela dio patronatuaren presidenteak, zazpi urtean «emaitza onak» eta «kalitatezko zerbitzuak» eskainiz.
Bizkaiko Foru Aldundiak udal zaharren egoitzaren lekuen kudeaketaren gastu osoa ordaindu behar duen arren, ez duela beragain hartzen argi utzi du Ibarrolazak: «Arazoa ez da kudeaketa ikuskaritza bat egitea edo ez, arazoa administrazio bakoitzak be- re eskuduntzak bere gain hartu behar dituela da; kasu honetan eskuduntza aldundiarena da».
Jeltzaleek «administrazio bakoitza beren eskuduntzez arduratzea exijitzea» ongi ikusten dute; baina administrazio publiko diren aldetik, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen direla bermatzea «ezinbestekoa» eta ikuskaritzari uko egitea ulertezina dela esan dute. Udalaren beste departamentu batzuetan urteroko ikuskaritzak egin ohi direla adierazi dute. Ematen diren zerbitzuen kostuak beste udalerrietan ematen direnenak baino «garestiagoak» izatearen arrazoia argitzeko eskatu dute.
Oposizioko alderditik gogora ekarri dute Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu hori ordaintzeko 85,5 euro ematen dituela egun eta pertsona bakoitzeko. GOUPek, ostera, 120 euro ordaintzen ditu erabiltzaile leku bakoitzeko. Gainkostu horren zergatia jakin nahi dute EAJ-koek, datuak «argiak ez direla» deritzotelako.
Ibarrolazak GOUPen kudeaketa «guztiz gardena» dela azpimarratu du: «Zerbitzu denen gastu guztiak sailkatuta jakinarazten zaizkie sindikatuei zein udaleko talde guztiei. Kontrakoa dioena gezurretan ari da».
Zerbitzu publikoa
Bere ustez «ez da balizkoa» egoitza publikoak eta pribatuak alderatzea: «Argi dago udal batzuetan enpresa pribatuen bidez kudeatzen direla zaharren egoi- tzak, eta horien kostuak merkeagoak direla». Hori lortzeko, langileen baldintzak «askoz txarragoak» eta egoiliarrei eskainitako arreta orduak eta zerbitzuak «eskasagoak» izaten direla dio.
Udal gobernuak kudeaketa publikoa eta langile publikoen lana defendatzen duela dio Ibarrolazak: «EAJ-PNVk zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egingo balu, kontu ikuskaritza bat eskatu beharrean, Bizkaiko Foru Aldundiari bere eskuduntza den udal zaharren egoitzaren kudeaketaren gastua ordaintzeko eskatuko lioke; baina, hori egin ordez, eskaerak Bermeoko Udalari eta herriari egiten dizkio».
Guzanek kudeaketa publikoa indartzeko ikuskaritza egitea beharrezkotzat jo, eta gogor salatu du udalaren ezetza, zerbitzu publiko baten iraunkortasuna bermatzea «arriskuan» jartzen duela uste duelako. Kudeaketa publikoa «kontsolidatu» behar dela dio. «Eraginkortasuna zerbitzu publikoen ardatza izan behar da, bereziki nagusien bizi baldintzak mintzagai direnean».