'Gora euskal gazteria! Gora langileon borroka!'
Berritxuko poligonoan kontratu tenporalekin lan egiten duen Ipistarreko gaztea, eta MarkiƱeko udal liburutegian arratsaldero partikularrak ematen dituen Aulestiko gaztea. Astean 4 orduz eskolaz kanpoko jardueretako monitorea den Munittibarko gaztea, edo uda guztian Lekittoko terrazetan zerbitzatzen amaigabeko lanorduak egiten dituen Mendixako gaztea. Ondarruko portuan lana noiz etorriko zain dagoen Mutrikuko gaztea, zein formakuntzako kontratuarekin lanean ari den Etxebarriko gaztea. Ikasitakotik lana noiz lortuko ez dakien Gixaburuako gaztea, ahaztu gabe bere baliabide apurrak erabiliz etsita atzerrira alde egin duen Gollebarko gaztea. Eta beste zenbat adibide….
Prekarietatearen historia gazteon odolarekin idazten da. Derrigorrezko lanaldi partzialak, kontratu tenporalak, etorkizuna ezin irudikatzeak sortzen duen frustrazioa, emantzipatzeko ezintasuna, kontratu gabe egitera behartutako lanak, egonkortasun faltak sortutako estresa, lau txakur txikigatik beltzean egindako lanak… Gazteok egonkortasun falta daukagu eremu guztietan, eta inposatu dizkiguten jomuga sozialei jarraiki, gure bizi proiektua asetzeko behar sozial eta materialik ez izateak, espektatiben frustratzea suposatzen du gazteongan.
Hau guztia baina, gaztetasunari lotuta pasa beharreko etapa bat dela sinestarazi digute, lan mundura prestatuta sartu ahal izateko pairatu beharreko anekdota bat balitza bezala. Erabat trantsitorioa eta beharrezkoa dela, baina bukatuko dela eta egoteko lasai. Faltsuak diren ametsez marrazten digute etorkizuna oraina borrokatu ez dezagun.
Baina ez gaitzate engaina, prekarietatea gelditzeko etorri da. Argi dago, estatu espainiarrak bizi duen krisia aitzakia erabilita, babes sozialerako sistema publikoa desegiten eta lan baldintzen prekarizazioan zein lan eskubideen deuseztapenean sakontzen ari direla. Estatu espainiarreko burgesia gidari, PNV eta euskal burgesia laguntzaile leial.
Prekarietatea ardatz duen kapitalismo neoliberalaren ofentsiba berri honek klase eta sektore zapalduon desjabetzean eta prekarietatean sakontzea du helburu, zapalkuntza eta ofentsiba maila guztietan areagotuz.
Maiatzaren lehena, langileon nazioarteko eguna, kaleak aldarrikapenez betetzeko eguna da. Euskal Herrian zein gainontzeko herri borrokalarietan langileok urte luzez aurrera eraman ditugun borrokak balioan jartzeko eguna. Baina baita, langile klasea eta herri sektore zabalak aurrera eramaten ari garen borroken aterpe izatekoa, zein eguneroko borroketan berrestekoa.
Oraindik martxan dagoen eta gelditzeko asmorik ez duen herri bat gara. Horrela erakutsi genuen emakumeok* martxoaren 8an mundua geldiaraziz; astero, gaurko eta biharko pentsionistok pentsio duinak aldarrikatuz; ikasleok, erreforma arrotzei planto eginez; gazteok, prekarietatearen aurka antolatzen hasiz; erresidentzietako eta Productos Tubulareseko langileok, borrokaren bitartez aldarrikapenak exijituz; hezkuntzako zein bulegoetako langileok, haserrea kaleetan antolatuz.
Borrokatzen duen Herria gara. Gaurdanik, eguneroko lanarekin alternatibak sortuz eta etengabe zapaltzen gaituen sistemari kolpeka, borroka sozialak piztuz, kapitalismo heteropatriarkalaren horma zaharrean arrakalak eragin eta botatzea lortuko dugu.
Behetik eta ezkerretik, pertsona guztion eskubideak errespetatuko dituen herri bat eraikitzeko hautua egina dugu. Euskal Herria sozialista eta feminista helburu, Euskal Herrian martxan den burujabetza prozesuaren parte izan behar gara. Ez dugulako beste irtenbiderik borrokatzea baino, erroko arazoa kolpatu eta iraultzea. Horregatik, gazteon oraina borrokan da.
Gora euskal gazteria! Gora langileon borroka!
Jone Antsotegi, Lea Artibai eta Mutrikuko Ernairen izenean.