Lekeitioko EH Bildu: 'Lekeitioko udal gobernuko ordezkariek sortutako auzolotsa'
Apirilaren 29an, Lekeitioko mendi martxa egin zen. Ekitaldia bera eta berorren inguruan herriko eragileek egindako lana txalotu baino ez dugu egingo. Parte hartze kopurua be handia izan zen, eta, parte hartzaileen jarrera eredugarria. Kezka, auzolotsa eta ardurabakokeria, ordea, udal gobernuak eragin zuen.
1.- Genero bereizkeriaren eta emakumea gutxiestearen mezuak entzun izan genituen udal gobernuko ordezkariaren ahotik, bozgorailuaren bidez:esaldi ezegokiak, baztertzaileak eta iraingarriak. Hona adibide batzuk. 8:00etako ekitaldia sasoiz hasteko ahaleginean, hara: «Ia NESKAK amaituten badabe euren lana orduan hasi ahal izateko». 10:00etakoa hasi aurreko animoak mutilentzat baino ez, mutilak gora-mutilak behera. Ekitaldi amaierako harreran : … badatoz «urlia» eta «berendia» (gizonezko hauei euren izenez) eta «urliaren» emaztea (azken hau anonimoa eta menpekoa). Laburbilduz, udaleko Berdintasun teknikariak emondako tailerrean landu izan genituen erizpideak hankaz gora eta axolagabeki.
2.- Apirilean burututako osoko bilkuran, euskarari emondako tratuaz gure kezka agertu genuen, berriro ere. Hau da, Mendi Martxarako izena emondakoei gazteleraz bialdu zieten ziurtagiria.Trebezi handiaren eta eraginkortasun handiagoaren itxurak eginez, osoko bilkuratik aldeteko ginela esan ziguten arazoa konpondu zela. Ba, ez! Arazoak bere horretan jarraitu zuen, hurrengo astean ere izena emon zutenek gazteleraz jaso zuten eta.
3.-Gehiegizko protagonismo eta itxurakeria goseak edo ezjakinaren ausardiak, egoera barregarriak sortarazten ditu. Udal gobernu batzordeko ordezkariak, mikroa eskutan, behin eta berriz, nazkatu arte, bere buruari (udalari) eskerrak emoten aritzeak, apaltasunaren balorea eta printzipioa ezabatu egiten ditu, zirt-zart!
Aipatutako kontuokin makina bat txiste eta txantxa egin ahalko lirateke hain garrantzitsuak ez balira. Guri, EH Bildukooi eta zalantza barik herritar asko eta askori, kezka eta ardura handiegia sortarazten dizkigu. Udal gobernukoak izan ala ez, udal ordezkariok arduratsuagoak eta eredugarriagoak izan beharko ginatekela uste dugu.
Iradokizun xumea Gobernu batzordekooi: emon ezazue denbora gehiago halakoak zuzenduten eta ahaztu itzazue itxurakeria eta postureoa, behar duzue eta.
–Miren Tere Aboitiz Erkiaga eta Iñaki Gezuraga Ozkorta. Lekeitioko EH Bilduren izenean.