Herrialde Katalanetan bizi den Leire Osa Arizmendiarrieta (Ondarroa, 1983) ondarrutarrak betidanik izan du idazteko zaletasuna eta grina, eta ogibidez informatikaria baldin bada ere, lehen eleberria kaleratu du oraintsu.
Los olvidados zure lehen eleberria duela aste gutxi kaleratu bada ere, aspaldi hasitako proiektua da.
Duela zazpi urte Herrialde Katalanetara bizitzera etorri aurretik ideia bategaz hasita banengoen ere, han hasi zen gorpuzten. Idazketa, egia esan, nire baitako eta niretzat gorde izan dudan zerbait izan da. Baina bertora ailegatu nintzenean, eta esku artean ere gai polita nuela ikusita, ingurukoek horretara animatuta lehen pausoa ematera ausartu nintzen.
Zelan eman zenuen pauso hori?
Idazleen ikasgela batean eman nuen izena, eta bertan beste batzuekin nire lana elkarbanatzeko aukera eduki nuen.
Leire Osa bere lehen lana eskuetan. Argazkia: Leire Osa
Idazte prozesuan aldaketa asko egin dizkiozu istorioari?
Aurretik istorioaren gidoia prestatuta baldin banuen ere, prozesuan eleberriaren zentzunagaz edo pertsonaiek eurek bultzatuta aldaketak egiten joan nintzen. Hau da, lana era batera joango dela pentsatzen baldin baduzu ere, idazten ari zaren istorioak erakusten dizu jarraitu beharreko bidea. Izenburua ere prozesu horretan aldatzea erabaki nuen.
Eta hori?
Idazle ikasgelan nahikoa gogorra zen kapitulu bat irakurri nuen, eta zera esaten amaitzen zen: “(…) dagoeneko soilik ahaztuak gara”. Ikaskideen aurpegietan eragina izan zuela ikusi nuen, eta haietariko baten gomendioa entzunda, izen horregaz geratzea erabaki nuen:
Los Olvidados.
Liburua amaitu eta gero, zer egin zenuen?
Nobela amaitu, eta denbora askoan tiradera barruan sartuta eduki nuen, handik eta estilo zuzenketa bat egitera bidali nuen arte. Lana, ostean, tiradera barruan sartu nuen, atseden hartzen.
“Argitaletxeak nire aldeko apustua egin zuen lehen unetik, eta beraiek egindako proposamena ere oso interesgarria iruditu zitzaidan”
Zelan ba?
Momentu horretan zorabiatu modura egin nintzen. Norbere buruarentzat idatzitako kapitulu horiek idazleen ikasgelakoekin konpartitzea nahikoa gogorra suertatu zitzaidan, eta guztiz amaitu nuenean, zera pentsatu nuen: “Hau ez da kapitulu bat ezagutzera ematea, liburu osoa baino”. Horrek zertxobait beldurtu ninduen, eta liburuaren gaia aldi baterako alde batera uztea erabaki nuen.
Eta zerk eraginda atera duzu argitara?
Estilo zuzenketa egitera argitaletxe txiki batera (
Hijos del hule) jo nuen, eta beraiek lana argitaratzeko prest egongo zirela jakitera eman bazidaten ere, liburua tiraderan sartuta eduki nuen. Gero, ordea, amatasunak liburua kaleratzera bultzatu ninduen. Egia esan, argitaletxeak nire aldeko apustua egin zuen lehen unetik, eta beraiek egindako proposamena ere oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Rosa Nanuq izengoitiagaz argitaratu duzu. Zergatik?
Hasiera batean nire izenagaz argitaratzekotan ginen, baina gero aldatzea pentsatu nuen. Lanak, funtsean, askatasunari buruz berba egiten du, eta eleberria librea izatea nahi izan dut, ezelako erreferentzia bakoa. Irakurle bakoitzak nobela berea egitea nahi izan dut. Ez dut nahi izan testuinguru mugatua edukitzea, unibertsalagoa izatea baino. Horrexegatik erabali dut izengoiti bat ere.
Leire Osa Arizmendiarrieta. Argazkia: Leire Osa
Liburua idatzi ez ezik, argazkiak ere zeuk ateratakoak dira.
Esku artean niretzat oso esanguratsuak diren argazki batzuk nituen, eta argitaletxeko arduradunei horiek erabiltzea proposatu nien. Ideia asko gustatu zitzaien, eta horregaz aurrera jarraitzea erabaki genuen.
Eleberria irakurtzeko aukera izan ez duenari zelan aurkeztuko zenioke?
Malik (pertsonaia nagusia) eta haren familia kontrol zorrotz baten menpe dagoen inguru batean bizi dira. Aske bizi direla sinestarazten baldin badiete ere, isilpean guztiz kontrakoa gertatzen da. Istoriaren momentu batean Malikek hortik ihes egin behar duela erabakitzen du, eta urruntze horretan norbere idealei, baloreei, sentimenduei eta izateari eustea zeinen garrantzitsua den gogorarazten dion pertsona bat aurkitzen du.
Irakurleari zer pentsarazi ere ematen saiatu zara, orduan.
Irakurleei jakinmina sortu, eta, aldi berean, horren inguruan hausnartzea ere nahiko nuke.
Istorio gogor eta latza aukeratu duzu zure lehen lanerako.
Beti gustatu izan zait hainbat ikuspuntutatik errealitatean gertatzen diren gaien inguruan hausnartu eta horiek kalera ateratzea. Eta hasiera batean zorabiagarria iruditu bazitzaidan ere, animatu, eta aurrera jarraitzea erabaki nuen.
“Irakurlea eta nire arteko espazio intimo bat sortu nahi izan dut liburuagaz”
Eta istorioa lehen pertsonan idatzia nahita al dago?
Hasiera-hasieratik argi nuen istorioa lehen pertsonan idatzi behar nuela.
Horrek istorioa kontatzeko orduan lagundu al dizu?
Bai, zelan ez! Horrek, azken finean, irakurlearengandik gertu egoten lagundu dit. Izan ere, irakurlea eta nire arteko espazio intimo bat sortu nahi izan dut liburuagaz.
Liburuaren hainbat aurkezpen ere egin dituzu. Zelako esperientzia ari zara izaten irakurleekin?
Familiaz eta lagunez gain beste hainbat kritika eta iritzi jaso ditut, eta horiek guztiak jasotzea polita izan da. Batez ere, ederra izan da euren hausnarketen berri izatea. Horren inguruan gauza ezohiko bat ere gertatu zait.
Zein?
Kapituluetako asko lanera bidean trenean idatzi ditut, eta, hortaz, argi nuen liburuaren pare bat alek trenean bidaiatzen jarraitu behar zutela. Hori bai, ez nekien zelan gauzatu ideia.
Eta zelan egin duzu?
Hasiera batean liburua treneko aulki baten gainean uztea pentsatu nuen, baina ideia hori hotzegia zela iruditu zitzaidan. Azkenean, egokiena eleberria bateren bati eskura ematea zelan pentsatu nuen, eta horrela egin nuen. Bi aste zelan egin bueltaka ibili ostean, lanera bidean pertsona egoki bi aurkitu nituen.
Amaitzeko, beste proiekturen ba al duzu buruan?
Bigarren lanagaz ere martxan hasita nago.