Jokin Bergara eibartarrak irabazi du zapatuan [maiatzak 12] Ondarroako Gaztetxean jokatu zen Plazatik Gaztetxera txapelketako finala. Oier Etxeberria azpeitiarraren aurkako buruz burukoan
puntuazio onena lortu zuen bertsolari eibartarrak.
Buruz burukoan honako lanak egin behar izan zituzten Bergarak eta Etxeberriak; seiko motzean ofizioka aritu ziren, segidillan ere kantatu zuten minutu eta erdi bat egin arte eta bakarka hiruna bertso bota zituzten, gaia emanda. Ondarroako Gazte Asanbladako kideek nabarmendu dutenez, “estu-estu” ibili ziren bi bertsolariak. “Buruz buruko gaiak askoz serioagoak izan ziren eta. Finala 20:00ak jota amaitu zen bertsolarien azkenengo agurrarekin, eta
emozioz beteta“.
Plazatik Gaztetxerako finalistak Alexander Idoeta gai jartzailearen azalpenak entzuten. Argazkia: Asier Rivera Arantzamendi
Finaleko bertso saioa, berriz, 18:00etan hasi zen, eta antolatzaileek azaldu dutenez, ordurako Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako jendeagaz
bete zen Gaztetxea. Bertsolariak zozketa ordenan igo ziren agertokira: Oier Etxeberria (Azpeitia), Manex Astigarraga (Deba), Ane Beloki (Legazpi), Jokin Bergara (Eibar), Urko Arregi Kortxelo (Oñati) eta Aitor Zubikarai (Itziar). Hasiera batean zortziko handian eta zortziko txikian ofizionatan binaka, bakoitzak bina puntu erantzun, puntutan binaka gaia emonda eta hamarreko txikian ofiziotan ibili ziren, Alexander Idoetak emandako gaiei erantzunez. “Bertsoaldi ederrak entzuteko aukera eduki genuen. Gehienak umorezkoak izan ziren, gaiak ere holakoak izan ziren eta”.
Finalaren aitzakiagaz, gainera, beste hainbat ekimen egin zituzten zapatuan. Asanbladako kideek nabarmendu dutenez,
“politto” joan zen finaleko eguna. “Goizean goizetik Gaztetxean bazkaria prestatzen hasi ziren Oñatiko lagunak”. Eguna bertso triki poteoagaz hasteko asmoa zuten, baina eguraldi eskasa zegoenez, bertan behera laga zuten goizeko ekintzan. Bazkaritan, bestalde, 40 lagun inguru batu ziren. “Ondarroako Gazte Asanbladatik eskerrak nahi dizkiegu eman bazkaria egin zuten oñatiarrei, gaiak prestatzen laguntzen ibili ziren denei (Aissa, Eñaut…), Plazatik Gaztetxera antolatzen ibili diren Gaztetxe eta Gazte Asanblada denei, epaile, idazkari, bertsolariei eta bereziki finala entzutera etorri ziren denei”.