Ondarroako Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria egiteko lan saioak deitu ditu
2014-2017 aldiko Euskararen Plan Estrategikoa amaitu eta gero, orain, Ondarroako Udalak plan berria egingo du. Prozesuari “dagokion garrantzia emateko”, Udal Euskara Batzordeak herriko euskararen errealitatea ondoen ezagutzen dutenen iritziak bildu nahi ditu. “Ezagutza hori dutenak herritarrak dira, eta ondorioz, herritar guztiekin egin nahi dugu lan hori”.
Azaldu dutenez, Euskara Batzordeak parte hartze prozesu bat deituko du, eta bi saiotan banatuta egongo da: Maiatzaren 24an egingo da saio bat, eta ekainaren 7an bestea. Saioak 18:30etik 20:30era egingo dira, Kofradia Zaharrean. “Bi saioetan gaiak elkarlanean jorratuko dira, eta aztertuko dugu euskarari bultzada emateko Ondarroan aldeko ditugun aukerak”. Oro har, planak herrian euskara normalizatzeko arloz arlo bideratu behar diren ekimenak jasoko ditu.
Saio bakoitzean egingo dutena. Lehenengo saioan azken lau urteetan egindakoa aurkeztu eta aurrea begira zer indartu behar den zehaztuko dute. Bigarren saioan lehen saioan egindako ekarpenak zehaztuko dituzte. “Horretan ahaleginduko gara ekintza batzuk gehiago zehazten. Ondarroan Euskaraldia modu kolektiboan lantzeko zer egin ahal dugun ere aztertuko dugu”.
Izen-ematea. Saioetan parte hartu nahi dutenei aurretiaz izena emateko eskatu diete. “Edozein etorri ahal da, baina ondo prestatzeko aurretik zenbat izango garen jakitea egokiagoa da”. Maiatzaren 22a baino lehen izena eman behar da, Udal Euskara Sailean (94-683 36 68) edo mrey@ondarroa.eus helbidera idatzita.