Maiatzaren 20ra arte Josune Laka Artetxe artista ondarrutarren
Saiakerak, hutsegiteak eta beste erakusketa ikusteko aukera dago Ondarroako erakusketa aretoan. Erakusketan 90 bat lan daude ikusgai, eta, tartean, hutsegite batzuk ere ikusgai jarri ditu Lakak, “behar honetan hutsegiteak ere badaudela ikustarazteko”. Artista ondarrutarrak nabarmendu duenez, saiakeretan beti egoten dira hutsegiteak, “emaitza ikusi arte ezin da jakin lanak ondo edo txarto irten duen”.
Tamaina askotariko
lan abstraktu eta figuratiboak ikusi ahalko ditu bisitariak. Lanik handienak metro bat inguruko luzera du, eta txikienak, ostera, 10 bat zentimetrokoa.
Hainbat herritar Josune Lakaren erakusketa ikusten
Lakak aitortu duenez,
azken hamar urtean egindako lanak dira, eta lehenengo begiradan paperean zuzenean margotuta badirudite ere, euskarri bat –metalikoa, metakrilatoa edo azetatoa– erabilitako teknikagaz egindakoak dira, “hemen ez dago paperean zuzenean margotutako ezer” . Zehatz esanda, litografiak, monotipoak eta serigrafiak erabili ditu artelanak egiteko.
Artelanak egiterako orduan
arazo gehien monotipoek ematen dituztela agertu du. “Monotipoetan xafla baten gainean egiten duzu lana, eta gero hori paperera pasatzen duzu. Eta paperean txarto irtetzen badizu, ez dago zereginik. Euskarri gainean egindakoa paperera trasmititzen da, eta ezin da berriro lan berdinik egin. Hor egindakoa, egia esan, bakarra da, ezin da errepikatu. Beste teknika batzuk erabilita, ostera, lana xafla gainean nolakoa den aurreikusi dezakezu, eta egindakotik irudi bat baino gehiago egin daitezke”.
Aspaldian Ondarroan erakusketa egin barik egon ostean, pozik dagoela azpimarratu du, eta azaldu duenez, jende asko ari da erakusketarengako interesa erakusten. Erakusketa zabalik dago honako ordutegian: astegunetan, 18:30etik 21:00etara, eta asteburuan, goizetan ere zabalik dago, 12:00etatik 14:00etara.