XVIII. Antxoa Egunak jendetza batu du Ondarroan
Alde Zaharretik hasi eta Itsasaurreraino ibili da jendea eguerdi partean. Gaitza zen oinez leku batetik bestera joatea. Bidean, kontserba postuak, Zubi Zahar herri ikastolaren txosna, baserritarren eta artisauen produktuen erakusmahaiak…Â ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek “bizi ahal izateko” hitzarmena eskatu dute kontserba industrrian lan egiten dutenentzat (emakumeak dira gehienak). Asko eskaini du jaiegunak. Kantaize orfeoiak, trikitilariek eta Metal taldeak giroturik igaro dira lehen orduak, eta 14:00ak pasatxo, sarien momentua ailegatu da.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Zortzi tabernak parte hartu dute pintxo lehiaketan, eta epaimahaikideek Beikozinikoari eman dizkiote puntu gehien. 39 puntu jaso ditu pintxo irabazleak, eta egileek esan dutenez, itsasoa eta lurra nahastu dituzte egiterakoan. Iazko irabazle Cantabriko geratu da bigarren, 29 puntugaz, eta 3. postuan berdinketa gertatu da Txanpa eta Sutargiren artean; biek ala biek 28 puntu jaso dituzte. Zubi Zahar parean jarritako agertokira igo dira ondoren, aurtengo Zilarrezko Antxoaren irabazleak, Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) elkarteko kideak. Inmaculada Laka, Karmentrxu Ibaibarriaga, Patxi Etxaburu, Ibai Muñiz, Rosana Goikoetxea, Fernando Agirre…. Ondarroako Udalak herriaren alde egiten duten lana eskartu nahi izan die, herriaren memoriak iraun dezan hain beharrezkoa den lana egitea. Txalo artean jaso dute oroigarria, hunkituta. “…hainbeste paper hainbeste artxibo, herririk herri hemen da han, gure arbasoak gure herria aintzina nolakoa zan, gaur mile esker danori eta danoi zorionak eman, danoi zorionak eman“, zioen Jose Mari Aranbarri Botx-en bertsoak.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Rosana Goikoetxeak hartu du guztien izenean hitza: “Orain hamazazpi urte hasi ginen lanean, txinurriak modura. Gure helburua zen gure arbasoen oroitzapena bizirik mantentzea. Poz handia eman digu sari hau jasotzeak, ze aurrera egiteko indarra ematen digu. Eskerrik asko Ondarroako Udalari, eskerrik asko gure laguntzaile guztiei, asko gara eta danok ez gaude hemen. Ezkutuko lan handia egiten da, lan asko dago nahi duenarentzat. Eskerrik asko Ondarroako herriari, etxeetako, ganbaretako ateak zabaltzeagatik. Eskerrik asko”.Imanol Oruemazaga, Joxe Martin Apalategi eta Beatriz Zubikarai taldeko kide eta kolaboratzaileak izan dituzte gogoan OHZkoek saria jasotzerakoan2001ean sortu zen OHZ, era harrez gero, asko izan dira taldetik igaro direnak. Gure artean ez daudenak izan ditu gogoan Goikoetxeak. Ez du aipatu barik utzi nahi izan Imanol Oruemazaga Baseta historiazalea. “Bere burugogorkeriagatik batu ginen, eta bera izan zen talde honen motorra”. Joxe Martin Apalategi ere gogoratu du, herrikoa ez izan arren, Ondarrumaitea izanik egin zuen lanagatik.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Beatriz Zubikarai ere ezin ahaztu: “Augustin Zubikarai zenak sortutako urtekariari jarraipena eman nahi izan diogu sorreratik, eta haren alaba Beatriz Zubikaraik beti kolaboratu izan zuen gugaz, eta ezin gara berataz ahaztu aipamenetan”. Herritarrak animatu ditu laguntzera, argazki zaharrak batzeko eta herriko jende nagusiarengana ailegatu eta elkarrizketen bidez haien testigantzak jasotzeko. “Gure taldeko ateak guztiontzat daude zabalik. Ea jarraitzen dugun guztion artean herriaren alde lan egiten”. Bertso pilota jaialdia. Arratsaldeak frontoira eroan du ikusikizuna. Kantxan bildurik, Andoni Egaña eta Iratxe Ibarra botilleroak eta Mikel Olazabal eta Maite Ruiz de Larramendi (gorri) eta Iñaki Esnal eta Maider Mendizabal (urdin). Patri Espinar izan da aurkezlea, eta Xabier Arrizabalaga Txirloi herriko pilotariak jardun du epaile lanetan. Bertsoz bertso, harmailak betetzen joan dira, eta ikusleek jokaldi ederrez gozatu ahal izan dute. 22ra jokatzekoa zen partidua 25era lehenengo eta 28ra ondoren luzatu dute, urdinek markagailuan gerturatzeko aukera izan zezaten, eta oraindik ere “fresko” zeudelako botilleroen iritziz. (28-19 amaitu da partidua). Edonola ere, gaurkoan parekidetasunak irabazi du. Emakumeek kirolean asko daukatela esateko argi utzi dute beste behin.