Asteburuan Ondarroako uretan jokatu de Bizkaiko Trainerilla Txapelketan bandera bana irabazi dute Bermeo Arraun Elkarteko arraunlariek, gazte eta nagusi mailetan, mutiletan. Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartekoek, bestalde, brontzezko domina lortu dute nagusi mailan mutiletan.
Finalari dagokionez, Bermeoko arraunlariek 14 minutu eta 55,07 segundo behar izan zuten gazte mailan mutiletan estropada irabazteko. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Deustu, Zierbena, Elantxobe eta Isuntzako ontziak.
Absolutu mailan nesketan, berriz, Kaikuren ontzia izan zen azkarrena. 3.500 metroko estropada amaitzeko 16 minutu eta 36,52 segundo behar izan zituzten. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Deustu, Arkote, Lutxana eta Isuntza.
Bermeoko arraunlariak banderekin. Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Nagusi mailan mutiletan, azkenik, 13 minutu eta 50,45 segundo behar izan zuten bermeotarrek. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Zierbena, Isuntza, Itsasoko Ama eta Ondarroa.
Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa, aldiz, Mutrikuko uretan jokatu da asteburuan. Oriok, Zarautzek eta Getariak irabazi dituzte banderak, hurrenez hurren, nagusi mailan mutiletan, absolutu mailan nesketan eta gazte mailan mutiletan.
Federazio sariko estropada, berriz, Zarautzeko nagusi mailako mutilek irabazi dute. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Zumaia, Mutriku eta San Pedro.
Ziaboga onenaren saria, aldiz, hiru arraunlarik jaso dute. Gazte mailan mutiletan Zarauzko Ander Mayok irabazi du saria, absolutu mailan nesketan Orioko Nadeth Agirrek eta nagusi mailan mutiletan Orioko Gorka Aranberrik.
Mutrikuko trainerilla, Gipuzkoako trainerilla txapelketan. Argazkia: Mutriku Arraun Taldea