Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko
haimahirugarren eta azken sailkapen saioa jokatuko da zapatuan [maiatzak 26], 17:30ean, Matienako Errota kultur etxean (Abadiño). Eta horretan parte hartuko du Eneko Arrate Sololuze bertsolari markina-xemeindarrak. Saiorako
sarrerak txarteldegian egongo dira salgai, egunean bertan, saioa hasi baino ordu erdi lehenago.
Ondokoak izango dira Arrategaz batera ariko diren
bertsolariak: Arkaitz Zipitria Mendizabal (Arrigorriaga), Asier Urkiza Sanchez (Bilbo), Gurutz Uruburu Ibarguengoitia (Muxika), Ibon Larrazabal Landa
Larra (Gamiz-Fika) eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia (Deustu). Urkizak eta Aiartzaguenak lehenengoz parte hartuko dute txapelketan.
Olatz Larrinaga Caballero algortarra ariko da gai jartzaile legez. Epaimahaia, ostera, hurrengoek osatuko dute: Jon Jaio Aiartzaguena (Iurreta), Mirari Azula Aurrekoetxea (Lekeitio) eta Miriam Juaristi Urizar (Zaldibar). Idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga (Ondarroa) ariko da.
Bertsolariek egin beharreko lanei dagokienez, ondokoak izango dira:
- Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso
- Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso
- Bakarka, puntu erantzun bi zortziko txikian
- Bakarka gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean
Azken sailkapen saioa jokatu eta gero jakingo da puntuazioz zeintzuk izango diren Udazkeneko Fasera pasatuko direnak.