Bonbardaketaren artxiboa zabaltzeko baimena eman dio udalak Jaurlaritzari
Jaurlaritzak hiru urtez izango du bonbardaketaren artxiboaren eskubidea bere gain. Aurten Txilen eta Uruguain aurkeztuko dute erakusketa. Atzerriko Euskal Etxeen interesa «handia» daGernika-Lumoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazka...
Jaurlaritzak hiru urtez izango du bonbardaketaren artxiboaren eskubidea bere gain. Aurten Txilen eta Uruguain aurkeztuko dute erakusketa. Atzerriko Euskal Etxeen interesa «handia» da
Gernika-Lumoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiagaz lankidetza hitzarmena sinatu du. Hitzarmenaren helburua «Gernikako bonbardaketaren artxiboa erabiltzeko eskubidea Jaurlaritzari ematea» dela adierazi du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.Hiru urtez izango du Jaurlaritzak eskubide hori, eta horrek erakusketaren erreprodukzioak egitea eta atzerrian erakustea ahalbidetuko dio.
Aurten, hiru erakusketa egingo dira atzerrian; bakarra Txilen eta bi Uruguain. Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak azaldu duenez, kasuan kasuko baimenak lortu dituzte erakusketa horiek burutzeko, baina atzo sinatutako hitzarmenagaz Euskal Etxeek bonbardaketari buruzko erakusketa izateko bidea «libre» edukiko dute.
Elorzaren berbetan, «elkarregaz lanean aritzeko akordioa» da atzo sinatu zutena; Gernikako bonbardaketa atzerrian ezagutzera emateko aukera. Hitzarmenaren bitartez, Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren fundazioak Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkaritza nagusiari hiru urteko baimena ematen dio bonbardaketaren erakusketaren artxiboa erabili ahal izateko.
Euskal Etxeen lana
Normalean Euskal Herritik kanpo izaten diren erakusketak Jaurlaritzaren atzerriko delegazioek «antolatzen» dituztela esan du Elorzak; kasu honetan, dena dela, Euskal Etxeei emango die antolatzeko aukera.
Hego Ameriketako Euskal Etxeek erakusketa jasotzeko «interes ikaragarria» daukatela ere jakinarazi du, eta horrez gain, aitortu du euskal giza taldeak betidanik izan direla euskaldunen errealitatea atzerrian ezagutzera emateko garrantzitsuak. «Egia ezkutatu nahi izan zenean, Gernikako bonbardaketa, adibidez, lan handia egin zuten egia zabaltzeko».
Gainera, munduan zehar sakabanatuta dauden Gernikako arbolaren kimuak gogorarazi ditu idazkari nagusiak, «gertatutakoaren oroimena eta esperantzarako gogoa» direla adieraziz.