Topabeer Artisau Garagardo Azoka, ekainean, Markina-Xemeinen
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA
Tabernaz tabernako garagardo dastaketa egiteko bonu bereziak aterako ditu Jai Batzordeak. Bonu horiek Patxua eta Eder tabernetan edo udaletxean eskuratu ahalko dira, eta artisau garagardoak prezio merkeagoan eskuratzeko aukera eskainiko dute. «Bonuagaz taberna bakoitzean garagardo bat probatu ahalko da, eta bakoitzak bere airera egin ahalko du dastaketa». Antolatzaileek zehaztu dutenez, tabernariak bonuan marka jarriko dute zein garagardo probatu den zehazteko, eta bi aste egongo dira ibilbidea osatzeko. Garagardo bereziak. Ekainaren 16an jarriko dute azoka Kontzekupe ondoan. 16:00etan zabalduko dute zerbeza artisauen txokoa, eta tabernetan dastatu ahalko diren artisau garagardoen hiru ekoizleak egongo dira elkarrekin barra atzean. Guztira, 12 garagardo egongo dira probatzeko, eta garagardoen ezaugarriei buruz partekatzeko aukera ere egongo da ekoizleekin. Azokan egongo diren artisau garagardogileek jakitera eman duenez, bakoitzak lau garagardo ezberdin ekarriko ditu Markina-Xemeingo azokara:- Garai Brewing Conpanyk Pilsen Ale; American Pale Ale; Hoppy Pils Pilsen bat lupulu gehiagogaz eta oso freskoa; eta Bavarian Ipa mingotsagoa eta alkohol eta lupulu gehiago dituena.
- Baobeerrek Urrejalei Blonde Ale, garagardo horia edateko erraza eta freskagarria; Amerikanua, American Pale Ale, lupuluz betetako garagardoa, fruta usain eta zapore handikoa; Waiting for Summer Neipa, alkohol eta garraztasun baxuko garagardo sendoa, irabiaki bat edatea bezalakoa; eta Tubabu, Imperial Wheat IPA, 9,5 graduko garagardoa, garraztasun puntu altukoa, Baobab zuhaitzaren fruitua darama.
- La Txika de la Cervezak Bizi Bizi American Brown Ale estiloko garagardoa; Bizipa Session Ipa motakoa; Wanted White Ipa estilokoa beste emakume garagardogile batzuekin batera egin duena; eta Pink Porter piperrauts arrosa eta jamaikarragaz egindakoa eta ahoan oso gozoa dena.
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA
Jendea parte hartzera animatu du Garai Brewing Conpanyko ekoizleak. «Jendeak kalitatezko garagardoa edateko aukera izango du. Normalean artisau garagardoa probatzen denean edaten jarraitzen da, ez daukate zerikusirik industrialekin. Egundo ikusi ez dituzten zaporedun garagardoak dastatu eta usaindu ahalko dituzte, guztiz ezberdinak». Markina Shots. Egutegiz eta eskenatokiz aldatuko da Markina Shots rock jaialdi mitikoa. Arrakasta handiz sortu zen jaia indarra galtzen joan da azken hiru urteetan epe berean inguruetan antolatzen hasi diren beste jaialdi batzuen eraginez. Hori dela eta, garagardo azokagaz bat egin eta abenduko hotzetik ekaineko berorako aldaketa egingo dute. Sasoiz aldatzen badira ere, sorrerako esentzia mantenduko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Horrela, eszenatoki txikiko jaialdia izaten jarraituko du, eta estilo bera mantenduko dute rock kultura herriratzea helburu. Gainera, zirkuitu komertzialetatik kanpo jotzen duten Euskal Herriko «talde onak» ekartzen jarraituko dute. Hala, MoonShakers Band bilbotarrak, Los Bracco donostiarrak eta Screamers and Sinners taldeak dakartza jaialdiak aurten Kontzekupera. «Lau neskak osatzen dute Moonshaker taldea eta arrakasta handia edukitzen ari dira jaialdi ezberdinetan, Bracco donostiarrak ere oso onak dira eta Screamers and Sinners psychobilly taldea Markina Shotserako hobeezina dela uste dugu», aurreratu dute. Kokapen berria egokia iruditu zaie rock and roll-a jendearengana hurreratzeko. «Zirkuitu rockero underground hori Markina-Xemein erdian jarrita jendeak rock and roll-agaz harritzeko aukera izango du». Kontzertuak doan izango dira.