Ondarroa Arraun Elkarteak antolatuta, Antiguako Ama traineru estropada jokatuko da
zapatuan [maiatzak 26] zazpigarrengoz Ondarroako badian. Norgehiagoka 11:30ean hasiko da, eta bertan 31 traineruk parte hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Zazpi neskenak eta 24 mutilenak izango dira, hain zuzen.
Arraun elkarteko kideek antolatu duten test estropadari buruzko zehaztapenak eman dituzte. Eta estropada
erlojuz kontrako eran jokatuko dela adierazi dute, banaka, lau luze eta hiru ziabogatara. “Norabidea, ohikoa baino iparralderago zuzenduta izango da. Maila bakoitzeko irabazleari dagokion bandera uretan emango da, maila bakoitzeko estropada bukatu ostean”.
Lea-Artibai trainerua, iazko Antiguako Ama estropadan
Trainerak portuan uretarako dira, eta
lau txandatan banaturik jokatuko da erlojupeko proba; minutu bateko aldeagaz joango dira ateratzen traineruak. Uretaratzen lehenak neskak izango dira, eta haietatik ateratzen lehenengoak, Mundakako arraunlariak izango dira. Eurekin batera ariko dira lehian Ondarroa Arraun Elkarteko eta Isuntzako neskek osatutako Lea-Artibai, Hondarribia, Deustu, Arraun lagunak, Orio eta Pasai Donibane.
Hurrengo hiru txandetan mutilen txanda izango da; txanda bakoitzean
zortzi trainerek parte hartuko dute. Lehen txandan Lutxana, Getxo, Mundaka, Elantxobe, Donostiarra B, Orio B, Hondarribia eta Portugaletek parte hartuko dute. Bigarrenean, Pasai Donibane B, Lapurdi, Arkote, Zarautz, Deustu, Getaria, Zumaia eta Isuntzak. Eta, azkenik, Donostiarra, Santurtzi, San Pedro, Pasai Donibane, Kaiku, Orio, Bermeo eta Ondarroa.