Andra Mari koralak kontzertu ugari emango ditu 40. urteurrenean
Bihar egingo dute lehen emanaldia doan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Kantarien lana eta sakrifizioa azpimarratu ditu kultura zinegotziakGernika-Lumoko Andra Mari koralak 40 urte beteko ditu aurten, eta horren harira, hainbat kontzertu antolatu dit...
Bihar egingo dute lehen emanaldia doan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Kantarien lana eta sakrifizioa azpimarratu ditu kultura zinegotziak
Gernika-Lumoko Andra Mari koralak 40 urte beteko ditu aurten, eta horren harira, hainbat kontzertu antolatu ditu. Bihar emango dute lehen emanaldia, doan, etxean: Elai-Alai aretoan, 19:30ean.Duela 40 urte, ekainaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua Andra Mari koralak. Bazegoen orduan Andra Mari parrokian koral bat, Ricardo Zallo zuzendari zuela. Ordura arte, gizonezkoek baino ez zuten parte hartzen Gernikako koruetan, eta Zallok egoerari buelta eman, eta abesbatza mistoa sortzea lortu zuen.
Dena den, Gernika-Lumotik alde egin zuen gerora, eta haren lekukoa hartu zuen Jose Antonio Arana Martijak, ordura arteko Santa Zezili abesbatzari jarraipena ematekotan. Hala sortu zen gaur egun ezagutzen den Andra Mari korala. Orduz geroztik, lau zuzendari izan ditu: Arana Martija bera, Fernando Abaunza, Gorriño eta egun zuzendaria den Carolina Fetescu.
Gaur egun, herritar askok eta askok parte hartzen dute abesbatzean; musika mundua gustuko duten gernikarrak biltzen ditu, hain zuzen ere. Horiek «gustura» joaten dira entseguetara, eta gainontzeko herritarrei ere parte hartzeko deia egiten diete: «Ateak zabalik ditugu».
Gaur egungo parte hartzaileena ez ezik, orain arte egondakoen lana ere goraipatu du Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak; «Egiten duten lana eta sakrifizioa azpimarratu nahiko nituzke, urtero-urtero errepertorio bat ateratzen dute».
Fetescuk, bere aldetik, kantarien talentua ez ezik, horien giza ezaugarriak ere azpimarratu nahi izan ditu.
Urte osoko egitaraua
Abesbatzaren zuzendariak, bestalde, datozen hileotarako aurreikusita dituzten emanaldien berri eman du. Ekainaren 23an, esaterako, Mundakan egongo dira, bertako abesbatzagaz batera, eta 30ean, aldiz, Parisera bidaiatuko dute, Euskaletxeko Gernika koruagaz abesteko. Uztailaren 14an, Urdaibaiko Organuak zikloaren baitan kontzertua emango dute Mundakako Andra Mari parrokian, Benantzi Bilbao organu joleagaz batera. Eta egun bat beranduago, Gernika-Lumoko Andra Mari elizan egongo dira, Bilbaogaz beragaz batera.
Uda igarota, azaroan jarraituko dute 40. urteurrenaren harira antolatutako emanaldiekin. Hilaren 17an Gasteizera joango dira, eta han, Lautadako orkestragaz eta Mairu abesbatzagaz kantatuko dute. Azaroaren 25ean, ostera, etxean abestuko dute; hain zuzen ere, Andra Mari elizan. Fair Saturday ekimenaren baitan kontzertu solidarioa emango dute. Eta emanaldi bera errepikatzeko asmoa agertu dute 2019. urtean, Agurainen.
Gainera, Gabonetan, ezustekoz betetako kontzertua emango dute Gernikan bertan, «herritarrekin Gabon sasoiaren etorrera ospatzeko».