Etorkizuna eraikitzen
Gazteen premiei erantzunez geroa eraikitzeko proiektua sortu dute Bizkaian. Busturialdekoak ko-kreazio saioan elkartu dira Maierren, ekarpenak egin eta arazoei irtenbidea bilatzeko.Gazte Begirada: etorkizuneko Bizkaiko gizartea gazteen begiradagaz erai...
Gazteen premiei erantzunez geroa eraikitzeko proiektua sortu dute Bizkaian. Busturialdekoak ko-kreazio saioan elkartu dira Maierren, ekarpenak egin eta arazoei irtenbidea bilatzeko.
Gazte Begirada: etorkizuneko Bizkaiko gizartea gazteen begiradagaz eraikitzeko sortua. Profil profesionalak bilatu eta zehazteko Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako proiektu berritzailea. Lurraldean bizi dugun zahartze prozesua gazteen beharrizanekin lotzen ditu, hartara, eskualdea biziberrituz. Gazteetan pentsatuta, baina baita lurraldean ere.Agirre Lehendakaria Center, Urremendi, Dansk Design Center eta Gernika-Lumo eta Bermeoko udalekin batera sortutako proiektua da. Busturialdeko gazteekin bat egin nahi izan dute proiektuaren arduradunek.
Maitane Leizaola Bizkaiko Behatokiko zuzendariaren berbetan, proiektua eskualdean aurrera eramateko ideia prototipo bat egitetik atera zen: «Bizkai osorako proiektu bat egin beharrean, esparru mugatu batean prototipo edo pilotu bat egitea bururatu zitzaigun». Horrela, Busturialdea leku aproposa zela konturatu ziren, «eskualdeko biztanleria zahartzen ari delako eta aukera falta nabaritzen delako».
«Denon artean» sortuz
Eskualdean ko-kreazio saio batzuk antolatzea erabaki zuten, elkarlanean Urdaibaik eta Busturialdeak biziberritzeko dituen aukerak «denen artean» bilatzea eta aurkitzea errazagoa egiten dela argituz.
Hori ikusita, eskualdeko gazteak eta eragile nagusienak proiektuan inplikatu zituzten. «Gazte Begirada gazteen ikuspuntua kontuan hartuta gazteentzako konponbide eta irtenbideak bilatzeko sortu dugu», nabarmendu dute ALCko ardu- radunek, bizi diren eskualdea aztertuta, denak inplikatuz eta denen artean eginez.
«Eskualdean gertatzen ari dena beste ikuspuntu batetik aztertu dugu lurraldearen arazoak eta aukerak identifikatzeko». Hori lortzeko, Busturialdeko 34 bizilagun elkarrizketatu dituzte, adinaren arabera bi taldetan banatuta eta «eskualdeko narratibak» identifikatzen dituztenak jasota, istorio guztien artean elementu bateratuak zerrendatuz.
Narratiba horiek bildu ondoren, ko-kreazio saioei hasiera eman diete, elkarrizketetan nabarmendu dituzten arazoei konponbide berriak bilatzeko. Gazteak bildu eta saioak ospatzeko hautatutako tokia Maier enpresa izan da. Horrela, pasa den barikuan prestatutako ko-kreazio saioan 30 gazte inguru bildu ziren bertan.
Saioan bildutako parte hartzaileek ALCko arduradunek bildutako profilak aztertu zituzten, Busturialdean bizi diren pertsonen beldurrak eta nahiak entzun ondoren hiru behar nagusi identifikatuz: enplegua, etxebizitza eta helduen artean, bakardadea ekiditea.
Hiru beharrizan horiek kontuan hartuta, bildutakoak lan taldeetan banatu zituzten, konponbideak bilatzeko. Diseinatzeko negozio aukerak sortzeko ideia interesgarriak planteatu zituzten: adibidez, jende nagusiak bakarrik geratzeko duen beldur horri aurre egiteko sare bat sortzea proposatu zuten, gazteak eta nagusiak batzen dituen komunitate baten bidez.
Proposamen horren barruan, gazteak baserrietara nagusiei laguntzera joateko aukera aztertu zuten. Horrela, nagusiek bakarrik egotea saihestu eta gazteek baserriko bizitza nolakoa den ikasiko lukete. «Modu horretan, gazteek etxebizitza bat eduki eta ortuan lan egiten ikasteko aukera izango lukete, enplegu aukera berriak sortuz».
Egoera aldatzeko asmoa
Gazteek gaur egungo egoera aldatzeko «beharrizana» daukatela azaleratu zuten topaketan. Hori posible egiteko, gainera, «asmoa eta gogoa» badituztela eta «aukerak sortzeko oinarria» badaukatela adierazi zuten. Mezu baikor horregaz irten ziren Maierren egindako saioan bildutako gazteak.
Gazte Begiradako arduradunek barikuan egin zituzten proposamenak aztertu eta horiek eskaintzen dituzten aukerak lantzeko konpromisoagaz jarraituko dutela ziurtatu dute: «Proiektuak aurrera jarraituko du, ahal dugun neurrian aurkeztutako ideiekin lan eginez».