50. urteurreneko ekitaldien artean, kintaden arteko ginkana antolatu zuen zapatuan [maiatzak 26] Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak. Eta bertan parte hartu zuten hiru taldeen artean onena 1995eko kintada izan zen. 10 minutu eta 13 segundotan amaitu zuten herrian zehar egin beharreko ginkana. Bigarren sailkatua 1996B kintada izan zen, eta hirugarrena, ostera, 1996A.
Ginkana egitera animatu zirenek zortzi proba osatu behar izan zituzten. Aletekin hasi ziren aringa-aringa Urrosolo parean, eta Plazagainean zain zituzten lagunei eman behar izan zieten lekukoa, lepoan zeramaten buff bat; lepokoa jantzi arte hurrengoa ezin zen jarraian zetorren proba egiten hasi. Lekukoa hartu zutenek, gerokoan, Plazagain osoa zaku lasterketan gurutzatu zuten, eta lekukoa emanda, beste parte hartzaile batek Zubi Barritik eta Astilleruko arlanpara arteko tartea mikropatin gainean egin behar izan zuen.
Kintaden arteko ginkanan parte hartu zuten hiru taldeak, Alamedan
Beste taldekide batek handik igeri egin behar izan zuen Kafeatze parera arte, eta han zain zuen beste taldekide bati eman zion lekukoa. Hurrengoa Kalatraba zubi pareraino joan zen padelean eta zubian zain zutenak uretara salto egin eta lekukoa jaso ostean, zubia sokan gora igo zuen. Zubiaren goikaldean beste taldekide bat zain zuten, eta horrek hondartzako muturrera joan-etorria eta buelta egin zuen aringa-aringa, Alamedaraino. Azkenik, punteria proba egiteko tartea etorri zen. Proba egin behar zueak txapel bat lauki baten barruan sartu behar izan zuen begiak itxita.
Kirol proba dibertigarria amaitzeko, sokatiran egin zuten Alamedan. Denak denen aurka aritu ziren; bina tiraldira egin zuten jokoa, eta irabazten zuten tiraldi bakoitzeko bosna segundo denbora saria lortzeko aukera izan zuten. 1996A kintadakoek lau tiraldiak irabazi zituzten, 1996Bkoak bi, eta 1995koek, berriz, bat ere ez.
Iragarrita zegoen modura, gainera, talde mistoek eta herriko ikastetxe desberdinetako ikasleak nahastuta zituzten taldeek abantaila jaso zuten. 1995eko kintadari, esaterako, 35 segundo gutxitu zioten, taldean hiru neska eta hiru ikastetxe nahastuta zeudelako. 1996 A kintadan, berriz, hiru ikastetxe nahastuta egon ziren, eta horiek 20 segundoko denbora saria lortu zuten. 1996 B kintadan, aldiz, taldean hiru neska zeudelako 15 segundoko denbora saria lortu zuten eta bi ikastetxetako ikasleak zeudenez, beste 10 segundoko saria.
Proba guztiak amaituta, honako denborak egin zituzten parte hartzaileek:
1995: 10 minutu eta 13 segundo.
1996 B: 10 minutu eta 29 segundo.
1996 A: 11 minutu eta 28 segundo.
Guztiek izan zituzten sariak. Bigarren eta hirugarren sailkatuek motxila bat eta buff bat jaso zuten opari, eta irabazleek bi opari horiez gain, zortzi lagunentzako afaria edo bazkaria ere bai. Antolatzaileak pozik agertu ziren proba amaieran. “Oso giro ona egon da, eta taldeak animatzera ere nahikoa jende hurbildu da”. Hori bai, parte hartzaile kopurua gutxitxo izan zela aipatu zuten, eta proba hurrengoan errepikatzen baldin bada, jende gehiago gonbidatu dute proban parte hartzera.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.