Bariku [ekainak 1] eta zapatuan [ekainiak 2] Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak ospatu dira. Jaiak behin amaituta, pozik agertu dira jai batzordeko kideak. Balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek. “Bazkari herrikoian inoizkorik jende gehien batu da aurten.
Ia 340 lagun batu ginen bazkaltzen. Horrenbeste jende bazkaltzen batzea oso pozgarria da. Jendea ere gustura ikusi genuen”.
Jaietako txupina barikuan bota zuten, eta ordundik domekako ordu txikiak arte, giro ezinhobea egon da auzoan. Jendetza batu da Kamiñazpiko parkean, eta nabarmendu dutenez, jaiak oso ondo joan dira. Gaineratu dutenez,
euri gutxi egin du aurten. “Euria iragarrita bazegoen ere, azkenean nahikoa siku egon da. Ez du beste munduko zaparrada gogorrik egin, eta azkenean, egitarauko ekintza guztiak egin ahal izan dira. Zapatu iluntzean egin zuen euri apur bat, baina askorik ez, beroa freskatzeko beste”.
Kuadrilla bat paella bat prestatzen, zapatuan
Paella janaz gain, ohi modura, play back lehiaketa eta musika kontzertuak izan dira jaietako ekintzarik arrakastatsuenak. Barikuan egin zen play back lehiaketan
zortzi taldek parte hartu zuten, eta denek ere ondo landuriko koreografiak eskani zituzten parkean baturiko publikoaren gozamenerako. Epaileen erabakiz, Bixotz gorriak taldearena izan zen play back onena. Taldeak Cyndi Lauperren
Girls just wanna have fun kantua taularatu zuen. Koreografia onenaren saria, berriz, Txotxin kuadrillarentzat izan zen; Queen talde ezagunaren
I want to break free kantuagaz.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Musikak, bestalde,
garrantzia handia izan du auzoko jaietan. Unanue Udal Musika Eskolako ikasleek girotu zuten bariku iluntzea, eta gauean eskualdeko Azalera taldearen txanda izan zen. DJ Jotatxok kantu dantzagarriekin goizaldera arte girotu zuen parkea. Zapatuan, bestalde, Hara eta Ze esatek taldeek ere jendetza batu zuten, eta parranda goizaldera arte luzatu nahi izan zutenek DJ Jusseff-en doinuekin gozatzeko aukera izan zuten. Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran bertsolariek ere ederto girotu zituzten bazkari aurreko uneak eta ondorengoak.
Jaietan
kirola ere egiteko tartea izan dute auzotarrek. Zapatu goizean Kamiñazpiko XIV. Pala txapelketa egin zen, eta bertan parte hartu zuten hamahiru bikoteen artean onenak Igor Iriondo eta Julen Ormazabal izan ziren. 22-17 irabazi zioten Xabier Arrizabalaga
Txirloi-ri eta Aratz Arantzamendiri. Aurrera Txirrindu Elkartearen eskutik, ostera, Txirrindu Ginkana parte hartzeko aukera izan zuten gazteenek.