Arte Eskolakoek zapatuan [ekainak 2] inauguratu zuten azken horma irudia, Goiko Plazatik Miruaitz frontoira joateko dagoen tunelean.
Oraingoan herriko zesta egilea, abarketa egilea (Laxaro), amugileak eta arrain saltzaileak dira Arte Eskolakoek egindako horma irudietako protagonistak. «Arte Eskolako kideok hormetan zer margotu pentsatzen aritu ginen. Azkenean herrian gaur egun galduta dauden ofizioei nolabaiteko errekonozimendua egin eta horiek bistaratzeko horma irudiak egitea pentsatu genuen». Hala, lehengo ofizio horiek balioan jartzeko ekintza egin dute.
Zesta egilea, abarketa egilea eta amugileak margotu zituzten lehendabizi. Gero, horma bat zuriz geratzen zela eta, arrain saltzaileak margotzea bururatu zitzaien. «Garai batean Goiko Plazara ere joaten ziren arrain saltzaileak, eta horma horretan euren irudia egitea adostu genuen».
Urtebeteko lana izan dela esan dute. Eta tartean zailtasunak ere eduki dituzte. «Garai bateko arrain saltzaileen argazkirik ez geneukan. Beraz, moilara jaitsi eta Feli Kotxorro eta Fidelita herritarrei argazkiak atera genizkien. Gehien gustatzen zitzaigun argazki aukeratu eta horman margotu dugu».
Erretratuak margotzea zaila dela eta eurek oraindik maila hori ez daukatela badiote ere, emaitza ikusgarria da, benetan polita. «Emaitza hain ona izatearen meritua gure irakasle den Trekuri dagokio. Bera barik ezingo genuke horrelako artelanik egin, eta ezin gara bera aipatu barik geratu».
Feli Kotxorro eta Fidelita, euren irudiaren aurrean.