Asko sufrituta baina,
Bizkaiko Herriarteko Txapelketan aurrera egin du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Horrela, aste honetan finalaurrekoa jokatuko dute Zeanuriko taldearen kontra.
Barikuan [ekainak 8] izango da joaneko partidua,
19:30ean,
Zeanurin.
Tanteoak erabaki zuen pasea, izan ere berdinketa egon zen bi taldeen artean: joaneko partidan 1-2 irabazi zion Markina-Xemeinek Dimari, eta zapatuan [ekainak 2] Markina-Xemeinen jokatu zen bueltako jardunaldian 1-2 galdu zuten.
Kadeteek 22-4 galdu zuten zapatuan, eta gazteek berriz, 22-1 irabazi, beraz, nagusien partidua
erabakiorra bihurtu zen. Galduz gero ere, Dimaren kontra jokatutako partidu guztietako emaitzak kontuan hartuta, gutxienez 13 tanto behar zituen Markina-Xemeingo taldeak aurrera egiteko. Nahiz eta galtzen hasi, hasieran tanto gutxiren aldeagaz ibili ziren bikoteak, baina indar guztiak partiduan jarri eta 19-9 tantoko aldea ateratzea lortu zuten Dimakoak. Horrela, kurutx ala pil,
batera edo bestera jarri zen finalaurreetarako pasea. Baina, Markina-Xemeingo pilotariak ez zeuden ahalegindu barik amore emateko prest eta 20-13 jartzea lortu zuten. 22 eta 16 amaitu zuten partidua, azkenean, aurrera egiteko aukera eskuetan.
Malasetxebarria eta Agirreamalloa gazte mailako pilotariak. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pilota
Finalaurrekoa. “Bagenekien gaitza izango zela, eta gainera, Dimako nagusien bikoteak hobeto jokatu zuen Markina-Xemeinen”, azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Taldeko entrenatzaileak. Eta Zeanuri ere aurkari gogorra izango dela dio. Lea Ibarraren kontra jokatu zuten asteburuan eta herriartekotik kanpo utzi dute taldea. “Talde gaitza da bikote onak dituzte eta. Hala ere, finalaurrekoetara heltzea ere ez da gutzi guretzat. Azken hamar urteetan
8 finaletan egon gara eta zenbaki onak direla uste dut”.
Printzipioz, talde bera eramango du Zeanurira Markina-Xemeinek. Hala ere, gaurko eta hurrengo egunetako entrenamenduetan erabakiko duela azaldu du entrenatzaileak, “pilotarien eskuak eta nekea ikusita”.