Artekubu egitasmoa aurkeztu dute Ondarroan arteagaz edo arte eszenikoekin zerikusia duten hainbat herritarrek. 30 bat lagun batu ziren aurkezpenean, eta herrian garatzen diren proiektu eta arte ekimenek
leku egoki bat (antzoki, auditorio, erabilpen anitzeko espazioa…) izan dezaten eskatzen dute.
Erabilpen anitzeko espazio bat herrian beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta horretarako
sinadura bilketa hasi dute. “Musika, dantza, antzerkia, bideoa, zinea… eta, orokorrean, arte guztiak maite ditugun herritar talde bat gara, eta gure herrian gai honetan daukagun egoera ikusita sinadura bilketa bati hasiera ematea pentsatu dugu”.
Ondarroako Udala HAPO (Hiria Antolamendurako Plan Orokorra) lantzen ari dela gogorarazi dute, eta Artekubuk plan orokor horretan bere lekua izatea eskatzen dute, hain zuzen. “Zuk ere HAPOn behar hau kontuan hartu behar dela uste baduzu, sinatu gurekin idatzi hau”.
Artekubu egitasmoaren aurkezpena. Argazkia: Artekubu
Uda guztian egongo dira sinadurak batzen, eta nahi duenak honako lekuetan jaso ditzake sinadura orriak, Klik Klak, Musika Eskola eta Kaia 1 dantza eskolan. “Nahi duen guztiak orri horietako bat jaso eta bere inguruan ere batu ditzake sinadurak”.
Irailaren bukaeran, berriz, beste agerraldi bat egingo dute Artekubukoek. “Sinadura bilketa zelan doan aztertuko dugu, eta, aldi berean, proposamen berriak jaso nahi ditugu, eman beharreko hurrengo pausoa zein den guztion artean adosteko”.
Artekubu herritarrek nahi duten modukoa izan nahi dute, eta horretarako, herritarren
iritzi eta iradokizunak jaso nahi dituzte. Nahi duenak
artekubu@gmail.com posta elektronikora idatzi dezake edo 657 77 04 57 telefonora deitu.