Martitzenean [ekainak 5] Mutrikun elkarretaratzea egin zuten. Gaur [ekainak 6], berriz,
protesta gehiago deitu dituzte Ondarroan eta Mutrikun. Mutrikun Beheko Plazan elkarretaratzea egingo dute 19:30ean. Ondoren, pankartak egin eta hurrengo egunetan egin nahi diren ekintzak adostuko dituzte asanbladan. Ondarroan Alamedan elkarretaratze zaratatsua egingo dute 20:00etan,
Denok gara Altsasu lelopean.
Altsasuko atxiloketen aurkako protesta Mutrikun. Argazkia: Hitza
Haserrea eta amorrua eragin du Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxearen atxiloketek eta espetxeratzeak, eta hainbat herritan ere protestak antolatu dituzte. Lau gazteak martitzenean [ekainak 5] atxilotu zituen Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionaleko epaileak “ihes egiteko arriskua” dutela argudiatuta; epaileak kartzelara bidaltzeko agindu du,
bermerik ezarri gabe, eta preso egon beharko dute Gorenak azken erabakia hartu bitartean.
Oihan Arnanz, Adur Ramirez eta Jokin Unamuno dagoeneko preso daude —hamabi eta hamahiruna urteko zigorrak ezarri dizkie auzitegiak. Ainara Urkijori bi urteko zigorra ezarri zioten, eta, beraz, ez du kartzelara joan beharko.
“Bidegabekeria” salatu dute gurasoek, eta
ekainaren 16an Iruñean egingo den manifestaziora joatea deia egin dute. Protesta 17:00etan hasiko da Golem zinema parean.