Euripean ere jendetza batu da Oletan

Pazko jaiak ospatzeko aitzakian, amorotarrek zein inguruko bizilagunek ez dute hutsik egin, eta batik bat zapatuan eta atzo gauean jende asko hurreratu zen. Hain zuzen, horixe nabarmendu dute Oletako Jai Batzordeko kideek; euri asko eta jende asko batu dela jaietan: “Egon den eguraldirako, jende asko etorri da. Beste behin frogatu dugu eguraldi txarra eginda ere, jendeak beti erantzuten duela. Beraz, jaien balorazioa oso ona da”.

Ohi legez, zapatu iluntzean, tortilla txapelketaren aitzakian hasi ziren jai giroan murgiltzen. 10 tortilla egin zituzten, eta baita gozo jan ere. Ondoren, Txapelpunk talde lekeitiarra igo zen oholtzara, Iñigito buru. Gero, Gozategikoek G Puntua euren azken diskoa aurkeztu zuten, eta azkenik Txurru Gazteako esatari ezagunagaz egunak argitu arte dantza egiteko aukera izan zuten gaupaseroenek.

Zapatu eguerdian Amorotoko Arta Nagusi taldearen dantzez gozatu zuten meza ostean. Txikienetatik hasi, eta nagusienetara askotariko dantzetan ze ondo moldatzen diren erakutsi zuten, beste urte batez.

Gero, “Amorotoko etorkinen” bazkaria egon zen; amorotarrekin ezkonduta dauden inguruko herrietan jaiotako 40 bat pertsona batu ziren, giro ederrean, kamiseta bereizgarri eta guzti.

AmorotokoEtorkinak

“Amorotoko etorkinen” herri bazkaria.
Argazkia: Oletako Jai Batzordea.

Arratsaldean, berriz, Mendexa eta Berritxu taldeen arteko desafioa izan zuten. Talde bakoitzak 20 minutuko saioa egin zuen, belar bolagaz. Zeinek untza gehien lortu zen erronka, eta untza bakarreko aldeagaz Berritxu taldea nagusitu zen deman. 45 untza egin zituzten irabazleek.

Zozketa. Jarraian, asteburuko egonaldia, urdaiazpikoa eta ardo kaxa zozkatu zituzten. Lehenengo biak desafioa ikusten egon zirenei egokitu zitzaizkien, baina, ardo kaxaren irabazlea oraindik ez da agertu. 2.304 zenbakia duenak hamabost eguneko epea dauka agertzeko, eta 2.193 da ordezko zenbakia.

Atzo, berriz, goi-goitik agurtu zituzten jaiak. Haur eta gazteentzako jolasak ikustera jende asko hurbildu zen, eta Luhartz taldeak izan zuen Pazko Jaiak borobiltzeko ohorea. Kantuan, dantzan primeran pasatu zuten, eta gizon eta emakumeen striptease-ean parte hartu zutenek ez zuten hutsik egin, erakustaldi bikaina emanez, bertan zeudenen artean barre algara itzelak sortuz.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend