Cabanillasen Nesken Xistera Zirkuituko lehen jardunaldia jokatu ondoren, emakume puntistak Markina-Xemeinen edukiko dute bigarren hitzordua zapatuan [ekainak 16]. Topaketak izango dituzte oraingoan, Uni pilotalekuan. Guztira,
26 pilotari batuko ditu kirol jarduerak: Markina-Xemeingo 13, Ereñoko 3, Berriatuko 2, Gasteizko 2, eta Tolosa, Donostia, Durango, Hondarribi, Biarritz eta Zumaiako bana.
Cabanillasen jokatu den Nesken Xistera Zirkuituko parte hartzaileak. Argazkia: Xistera
Kinielak jokatuko dituzte hasteko, mailaka –hasiberriak, denbora bat daramatenak eta beteranoak– , eta amaieran, Xistera zirkuituko partida bat jokatuko dutela jakitera eman du Izaro Arbe pilotari eta Nesken Kirol Batzordeko kideak.
17:00etan hasiko dira partiduak.
Aitortza. Topaketetatik haratago joango da, baina, zapatuko jarduna. Ekitaldia antolatu duten Zesta Puntaren Lagunak elkarteak, Xistera proiektuak, Markina-Xemeingo Zesta Eskolak eta Markina-Xemeingo Udalak, emakumeek pilotaren historian merezi duten lekua eta garrantzia emateko, euren lana bistaratu eta aitortu nahi izan dute emanaldi, hitzaldi, erakusketa eta omenaldi baten bidez.
Horrela, goizetik hasiko dira ekimenak emakume pilotarien historia ezagutzera emanez.
Las Pelotaris Andres Salaberri nafar zinemagileak, Daniel Burgui kazetariak eta Jokin Pascual argazkilaritza zuzendariak egindako
dokumentala eskainiko dute lehenengo, kultur aretoan 11:30ean, eta
mahai ingurua egongo da ondoren, emakume pilotarien historian sakontzeko.
Emakume pilotariak. Iragana eta oraina izeneko solasaldian parte hartuko dute Arantxa Pereda gaian adituak eta Izaro Arbe pilotari markina-xemeindarrak, Arantza Cañamaresek zuzenduta.
Markina-Xemeinen 2011 urtean egin ziren Pau, Bartzelona eta Lea-Artibaiko emakume puntisten arteko topaketak.
Ostean,
Emakumeak zesta-puntan argazki erakusketa zabalduko dute Uni frontoian. “Zesta-puntan ibili diren emakumeen argazkiekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai”. Gutxi gorabehera 40 argazki inguru izango dira, gaur egunekoak eta zaharragoak.
Arratsaldeko kinielen artean berriz, Markina-Xemeingo Dantzaskeren emanaldi berezi bat egongo dela aurreratu du Arbek, eta ondoren
Kontxita Bustindui omenduko dute. “Erraketista profesionala izan zen Bustindui, frontoi askotan jokatu zuen profesional modura”. Hori dela eta, kirol munduan egindako ibilbidea aitortuko diote.