Euripean, baina giro onean, jendetza elkartu da Oletan
Zapatutik astelehenera Pazko Jaiak ospatzeko elkartu dira Amorotoko Oleta auzoan, bertako zein inguruko bizilagunak. Berriatuarrek irabazi dute Mendexa eta Berritxu taldeen arteko herri kirol desafioa.Pazko jaiak ospatzeko aitzakian, amorotarrek zein i...
Zapatutik astelehenera Pazko Jaiak ospatzeko elkartu dira Amorotoko Oleta auzoan, bertako zein inguruko bizilagunak. Berriatuarrek irabazi dute Mendexa eta Berritxu taldeen arteko herri kirol desafioa.
Pazko jaiak ospatzeko aitzakian, amorotarrek zein inguruko bizilagunek ez dute hutsik egin, eta batez ere zapatuan eta herenegun gauean jende asko hurreratu zen. Hain zuzen, horixe nabarmendu dute Oletako Jai Batzordeko kideek; euri asko eta jende asko batu dela jaietan: «Egon den eguraldirako, jende asko etorri da. Beste behin frogatu dugu eguraldi txarra eginda ere, jendeak beti erantzuten duela. Beraz, jaien balorazioa oso ona da».Ohi legez, zapatu iluntzean tortilla txapelketaren aitzakian hasi ziren jai giroan murgiltzen. Hamar tortilla egin zituzten, eta baita gozo jan ere. Ondoren, Txapelpunk talde lekeitiarra igo zen oholtzara, Iñigito buru. Ondoren, Gozategikoek G Puntua azken diskoa aurkeztu zuten, eta azkenik, Txurru Gaztea-ko esatari ezagunagaz egunak argitu arte dantza egiteko aukera izan zuten gaupaseroenek.
Zapatu eguerdian, Amorotoko Arta Nagusi taldearen dantzez gozatu zuten meza ostean. Txikienetatik hasi, eta nagusienetara, askotariko dantzetan ze ondo moldatzen diren erakutsi zuten.
«Amorotoko etorkinen» bazkaria egon zen horren ostean; amorotarrekin ezkonduta dauden inguruko herrietan jaiotako 40 bat pertsona batu ziren, giro ederrean, kamiseta bereizgarri eta guzti.
Untza bakarreko aldea
Arratsaldean, berriz, Mendexa eta Berritxu taldeen arteko desafioa izan zuten. Talde bakoitzak 20 minutuko saioa egin zuen, belar bolagaz. Zeinek untza gehien lortu zen erronka, eta untza bakarreko aldeagaz Berritxu taldea nagusitu zen. 45 untza egin zituzten irabazleek.
Jarraian, asteburuko egonaldia, urdaiazpikoa eta ardo kaxa zozkatu zituzten. Lehen biak desafioa ikusten egon zirenei egokitu zitzaizkien, baina ardo kaxaren irabazlea ez da agertu. 2.304 zenbakia duenak hamabost eguneko epea du agertzeko (2.193 da ordezko zenbakia).
Astelehenean, berriz, goi-goitik agurtu zituzten jaiak. Haur eta gazteentzako jolasak ikustera jende asko hurbildu zen, eta Luhartz taldeak izan zuen Pazko jaiak borobiltzeko ohorea.
Kantuan eta dantzan primeran pasatu zuten, eta gizon eta emakumeen striptease-ean parte hartu zutenek ez zuten hutsik egin, erakustaldi bikaina emanez, bertan zeudenen artean barre algara itzelak sortuz.