Ispaster Herri Adeitsua proiektuaren diagnostikoa aurkeztu dute. Oro har, diagnostikoa osatzeko egindako parte hartze prozesuan ondorio positiboak atera badituzte ere, Garbiñe Saez de Buruaga alkateak gogora ekarri du “beti dagoela zer edo zer hobetzeko”.
2017ko urte hasieran jarri zuten martxan Ispaster Adinekoekin Herri Lagunkoia bihurtzeko prozesu parte hartzailea, eta talde eragilea osatu zuten. Aurten egoeraren diagnostikoa egiteko hainbat elkarte, zerbitzuetako profesionalen eta herritarren laguntza eduki du udalak.
Garbiñe Saez de Buruaga alkateak eta Isko Cardenal proiektuaren arduradun eta Bizitzen Fundazioko kideak Iñigo Egiluz aretoan aurkeztu zuten diagnostikoa.
Hain zuzen, sei saiotan pertsona nagusiekin, zaintzaileekin eta profesionalekin osatutako talde fokaletan batu ziren, eta horrez gain, etxez etxe galdetegiak banatu zituzten.
46 inkesta jaso dituzte, eta kopuru esanguratsua dela azpimarratu du Isko Cardenal proiektuaren arduradun eta Bizitzen Fundazioko kideak. “700 bat biztanleko herri batentzat asko da; gauza oso ona izan da. Adibidez, 30.000 biztanleko beste herri batzuetan 50-100 artean betetzen dituzte. Beraz, konparatuta, proportzioan, parte hartze zabala izan da. Alde teknikotik oso pozik gaude eduki dugun erantzunarekin”.
Diagnostikoa egiteko euren iritzi eta ekarpenak eman dituztenen
laguntza eta konpromisoa eskertu dute.
Emaitzak kontuan hartuta,
uda ostean ekintza plana diseinatzen hasteko asmoa daukate, eta horretarako, lehentasunezko gaiak eta epeak zehaztuko dituzte. “Epe motzean, ertainean eta luzean egiteko ekintzak finkatuko ditugu, eta apurka-apurka eta ahal diren neurrian betetzera konprometitzen gara”.
Hobetu beharreko gauzen artean, batzuk udalak egin ditzakeenak dira, baina badira udalaren eskumenekoak ez direnak. “Adibidez, garraioa Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da, eta osasun zerbitzua Eusko Jaurlaritzarena. Baina horietan gauzak planteatu ahal zaizkie zerbitzu horiek hobetzeko, esate baterako, aldundiagaz batzartu izan gara arazoa azaltzeko”.
Azaldu dutenez, hobekuntza batzuk egitea errazagoa da, eta gauza txiki horiek ere garrantzia dutela uste dute, horiek hobetuta herria adeitsuagoa egitea lortuko dutelako. “Gai potoloagoak konpontzea ez da egun batetik besterako kontua”.
herriadeitsua
Garraioaren atalean,
autobus publikoaren zerbitzuan jaso dituzte
kexak. Geltoki kopurua, ibilbideak, maiztasuna eta prezioa hobetu behar direla adierazi dute. Halaber, alokatzeko zein erosteko etxebizitzen prezioak altuegiak izatea ez dute ondo ikusten.
Bestalde, parte hartze prozesuan egon diren gehienek uste dute herri atsegina eta garbia dela, eta ez dela zaratatsua. Gizarte sarearen arloan ere erantzun positiboak jaso dituzte; senitartekoekin, auzotarrekin edota merkatariekin harreman ona dutela eta elkar laguntzen direla esan du gehiengoak. Eta gizarte eta osasun zerbitzuak oso ondo baloratu dituzte.
Ekintza planaren ebaluazioa. Ekintzak martxan jartzeko
hiru urte izango dituzte. Gero, ekintza planaren ebaluazioa egingo dute; zer bete den eta nola bete den aztertzeko, eta zerbait egin ez bada hori betetzeko zer egin dezaketen ikusiko dute. “Egin gabekoak martxan jartzeko eta premia berrietarako, berriro diagnostiko bat egingo genuke”.