Lekeitio Herri Lagunkoia proiektuaren diagnostikoa aurkeztuko dute
Lekeitio adin guztientzako herri lagunkoia bihurtzeko prozesu parte hartzailea jarri zuen abian, 2017 urte hasieran, Lekeitioko Udalak, eta herria aztertu eta lekeitiarren iritziak jasota eratu duten diagnostikoa azalduko dute eguenean [ekainak 14] 18:00etan, Barandiaran aretoan egingo duten aurkezpenean. Horrez gain, zahartzarorako bizimodu alternatiba berriei buruzko solasaldia egongo dela jakitera eman du udalak.
“Otsailean eta martxoan taldeetan antolatuta herriaren eta herritarren beharrak aztertu ziren, eta hainbat herritar eta eragilek parte hartu zuten”. Inkestak ere banatu zituzten apiriletik maiatzera bitartean etxez etxe, eta eskuragarri utzi zituzten herriko gune ezberdinetan, “ahalik eta herritarren ekarpen gehien lortzeko”. Guztira, 356 inkesta batu dituzte, eta parte hartze prozesuan egondako ekarpenen emaitzak aurkeztu nahi dizkiote orain herriari, “lekeitio adinekoekin noraino den lagunkoia ikusteko”.