Batzar Nagusietara eraman dute Larangakoen kexa

Mutrikuko Laranga auzoko bizilagunak kexu dira. Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidea hobetzeko lanak dirauten bitartean, Galbaixo ermita ondotik sartu beharko dute auzora, eta erabaki horrekin ez daude batere ados.

Alegazioak aurkeztu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundian, baina ezetza jaso ondoren, babes eske jo dute hainbat erakundetara. Auzotarren ordezkariak Gipuzkoa Batzar Nagusietan egon dira asteon, eta adierazi dutenez, EH Bilduk eta Podemosek gaiari buruzko interesa agertu dute. «Gaur erregistratuko dute eskakizuna, eta datorren astean horri buruzko prentsaurrekoa ere emango dugu Donostian».

Auzotarren ordezkariek aitortu dutenez, bi alderdiek erakutsi duten interesa pozgarria da. Gaineratu dute beste alderdi batzuen bultzada ere bilatzen ari direla egunotan. Besteak beste, Mutrikuko EH Bildu eta Berdeak Independenteak taldeengana jo dute konpromiso bila.

Lanak irailean hastea aurreikusten da, eta kezkatuta daude auzotarrak. Ipitxarriko bihurgunea hobetzeko eta Alkoleako tunela batera eraikitzeko lanak direla eta, auzora ailegatzeko duten bidea itxita edukiko dute, gutxienez bost hilabetez. Ez diote errepidea hobetzea gaizki dagoenik, baina eman dieten alternatiba ere ez dute ontzat ematen.

Arazo ugari

Errepidea hobetu bitartean, Galbaixo ermita ondotik sartu beharko dute auzora, eta kasu askotan horrek arazo asko ekarriko dituela aurreikusten dute. Hori dela eta, GI-638 errepideko bide bat erabiltzeko eskatu zuten, bere erabilera bertako bizilagunei mugatuz, baina Bide Azpiegituretako Sailak eskakizun horri erantzutea ezinezkoa dela erantzun du, «errepideak ez baitu zabalera nahikoa auzoko ibilgailuentzako ezohiko pasabidea eraikitzeko eta obrako kamioiekin partekatzeko».

Aldundiak agertu duenez, obrak egin bitartean, Larangako sarbidea hobetu eta proiektuak aurreikusitako irteera mantenduko dute. Hau da, auzora sartzeko Galbario ermitan hasten den udal bidea erabiliko da, behin-behinean. Auzotarren joan-etorria ziurtatzeko, Galbaixo eta Pikua arteko bidea egokitu beharko du aldundiak.

Arrainbidetik barrena Astigarribiara doan GI-3230 bidea auzoko irteera izango da, eta Kalbario ermitatik irteten den bidea, berriz, sarrera izango da. «Nolanahi ere, bizilagunen mugikortasuna hobetzeko modurik balego, beharrezko neurriak hartuko lirateke».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend