Ikasturtean landutako guztia kalera aterako du datorren astean, Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak, aurten bosgarrenez ospatuko duen
Aste Musikalaren baitan. Hiru egunetik bostera luzatu dute gainera, oraingoan, emanaldi sorta. Izan ere, ikasle kopuruaren igoera dela-eta hiru egun nahikoa izango ez ziren beldurragaz, ekitaldia aste osora zabaltzea erabaki dute Musikaiako zuzendariek.
300 ikasle ditu gaur egun, Lekeitioko musika eskolak.
Musikaia Musika Eskolako zuzendariek azaldu dutenez, musika tresna ezberdinez osatutako taldeek parte hartuko dute
ekainaren 18tik 22ra eskainiko dituzten kontzertuetan, eta abestiei dagokienez, orotarikoak izango dira, taldearen arabera. Lekeitioko gune ezberdinak izango dira Aste Musikalaren agertoki. Hala, kultur etxeko Azkue aretoan, Ikusgarri zinema aretoan eta udaletxe aurreko eskaileratan ere egongo dira emanaldiak.
III. Musikaia Eguna. Emanaldia Limoneroetan. Argazkia: Musikaia
Astelehenean [ekainak 18] musika tresnetako lehen urteko ikasleen kontzertua emango dute, martitzen [ekainak 19] eta eguaztenean [ekainak 20] konbo ezberdinak, eguena [ekainak 21] koru eta abesbatzen eguna izango da, eta barikuan [ekainak 22] rock konboek hartuko dute txanda.
Toki gutxi. Urtero bezala, ikusleen lekuagaz izaten dituzten arazoak konpontzeko, ikasle bakoitzari gonbidapenak banatuko dizkietela jakitera eman dute Musikaiako zuzendariek. “Soberan geratzen diren sarrerak euro batean egongo dira salgai eta egun bakoitzean egun horretakoak erosi ahalko dira soilik”. Astelehenekoak 18:00etatik 18:30era bitartean salduko dituzte kultur etxeko atarian, eta martitzen, eguazten, eguen eta barikukoak 18:00etatik 18:30era Ikusgarri zinemako lehiatilan. “Eguenean ona balego ez da sarrerarik beharko, baina txarra balego Ikusgarrin egongo dira gonbidapen soberakinak”.
II. Musikaia Eguneko kalejira. Argazkia: Musikaia
Musikaiako arduradunek eskerrak eman dizkiote Lekeitioko Udalari Aste Musikala burutzen laguntzeagatik, bai eta gurasoei ere “urte guztiko lana aurrera eraman ahal izateko ahalegina egiteagatik”.
EGITARAUA
- Astelehenean [ekainak 18] musika tresnetako lehen urteko ikasleen kontzertua, 19:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan.
- Martitzenean [ekainak 19] eta eguaztenean [ekainak 20] konbo ezberdinak, 19:00etan, Ikusgarri zinema aretoan.
- Eguenean [ekainak 21] koru eta abesbatzen eguna, 19:00etan udaletxeko eskaileratan.
- Barikuan [ekainak 22] rock konboak (60-70 hamarkadak gaitzat hartuaz), 19:00etan, Ikusgarri zinema aretoan.