Emakume puntisten topaketak egingo dituzte Markina-Xemeinen
Emakumeek pilotaren historian izan duten garrantzia azalduko dute emanaldi, mahai inguru eta erakusketen bidez. Kontxita Bustindui erraketista omenduko duteCabanillasen Nesken Xistera Zirkuituko lehen jardunaldia jokatu ondoren, emakume puntistak Marki...
Emakumeek pilotaren historian izan duten garrantzia azalduko dute emanaldi, mahai inguru eta erakusketen bidez. Kontxita Bustindui erraketista omenduko dute
Cabanillasen Nesken Xistera Zirkuituko lehen jardunaldia jokatu ondoren, emakume puntistak Markina-Xemeinen edukiko dute bigarren hitzordua zapatuan. Topaketak izango dituzte oraingoan, Uni pilotalekuan. Guztira, 26 pilotari batuko ditu kirol jarduerak: Markina-Xemeingo 13, Ereñoko 3, Berriatuko 2, Gasteizko 2, eta Tolosa, Donostia, Durango, Hondarribi, Biarritz eta Zumaiako bana.Kinielak jokatuko dituzte hasteko, mailaka hasiberriak, denbora bat daramatenak eta beteranoak , eta amaieran, Xistera zirkuituko partida bat jokatuko dutela jakitera eman du Izaro Arbe pilotari eta Nesken Kirol Batzordeko kideak. 17:00etan hasiko dira partiduak.
Aitorpena
Topaketetatik haratago joango da, baina, zapatuko jarduna. Ekitaldia antolatu duten Zesta Puntaren Lagunak elkarteak, Xistera proiektuak, Markina-Xemeingo Zesta Eskolak eta Markina-Xemeingo Udalak emakumeek pilotaren historian merezi duten lekua eta garrantzia emateko, euren lana bistaratu eta aitortu nahi izan dute emanaldi, hitzaldi, erakusketa eta omenaldi baten bidez.
Horrela, goizetik hasiko dira ekimenak emakume pilotarien historia ezagutzera emanez. Andres Salaberri nafar zinemagileak, Daniel Burgui kazetariak eta Jokin Pascual argazkilaritza zuzendariak egindako Las Pelotaris dokumentala eskainiko dute 11:30ean, kultur aretoan , eta mahai ingurua egongo da ondoren, emakume pilotarien historian sakontzeko. Emakume pilotariak. Iragana eta oraina izeneko solasaldian parte hartuko dute Arantxa Pereda gaian adituak eta Izaro Arbe pilotari markina-xemeindarrak, Arantza Cañamaresek zuzenduta.
Ostean, Emakumeak zesta-puntan argazki erakusketa zabalduko dute Uni frontoian. «Zesta-puntan ibili diren emakumeen argazkiekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai». Gutxi gorabehera, 40 argazki inguru izango dira, gaur egunekoak eta zaharragoak.
Arratsaldeko kinielen artean, berriz, Markina-Xemeingo Dantzaskeren emanaldi berezi bat egongo dela aurreratu du Arbek, eta horren ostean, Kontxita Bustindui omenduko dute. «Erraketista profesionala izan zen Bustindui, frontoi askotan jokatu zuen profesional modura». Hori dela eta, kirol munduan egindako ibilbidea aitortuko diote herritarrek.