Herri adeitsua izateko bidean
Herritarren parte hartzeagaz osatutako Ispasterko Lagunkoitasun Diagnostikoa aurkeztu dute. Ondorioekin lehentasunak finkatu, eta ekintza plana egingo duteIspaster Herri Adeitsua proiektuaren diagnostikoa aurkeztu dute. Parte hartze prozesuan ondorio p...
Herritarren parte hartzeagaz osatutako Ispasterko Lagunkoitasun Diagnostikoa aurkeztu dute. Ondorioekin lehentasunak finkatu, eta ekintza plana egingo dute
Ispaster Herri Adeitsua proiektuaren diagnostikoa aurkeztu dute. Parte hartze prozesuan ondorio positiboak atera badituzte ere, Garbiñe Saez de Buruaga alkateak gogora ekarri du «beti dagoela zer edo zer hobetzeko».2017 hasieran jarri zuten martxan prozesua, eta talde eragilea osatu zuten. Diagnostikoa egiteko, hainbat elkarte, zerbitzuetako profesional eta herritarren laguntza eduki du udalak aurten.
Sei saiotan pertsona nagusiekin, zaintzaileekin eta profesionalekin osatutako talde fokaletan batu ziren, eta horrez gain, etxez etxe galdetegiak banatu zituzten. 46 inkesta jaso dituzte, eta kopuru esanguratsua dela azpimarratu du Isko Cardenal proiektuaren arduradun eta Bizitzen Fundazioko kideak. «700 bat biztanleko herri batentzat asko da; gauza oso ona izan da. Adibidez, 30.000 biztanleko beste herri batzuetan 50-100 artean betetzen dituzte. Alde teknikotik oso pozik gaude».
Diagnostikorako ekarpenak egin dituztenen laguntza eta konpromisoa eskertu dute.
Emaitzak kontuan hartuta, uda ostean ekintza plana diseinatzen hasteko asmoa daukate, eta horretarako, lehentasunezko gaiak eta epeak zehaztuko dituzte. «Epe motzean, ertainean eta luzean egiteko ekintzak finkatuko ditugu, eta apurka-apurka eta ahal diren neurrian betetzera konprometitzen gara».
Hobetu beharreko gauzen artean, batzuk udalak egin ditzakeenak dira, baina badira bere eskumenekoak ez direnak. «Adibidez, garraioa aldundiaren eskumena da, eta osasun zerbitzua Jaurlaritzarena. Horietan gauzak planteatu ahal dizkiegu. Esaterako, aldundiagaz batzartu izan gara arazoa azaltzeko».
Esan dutenez, hobekuntza batzuk egitea errazagoa da, eta gauza txiki horiek ere garrantzia dutela uste dute, horiek hobetuta herria adeitsuagoa egitea lortuko dutelako. «Gai potoloagoak konpontzea ez da egun batetik besterako kontua».
Autobus zerbitzuaz kexu
Garraioaren atalean, autobus publikoaren zerbitzuan jaso dituzte kexak. Geltoki kopurua, ibilbideak, maiztasuna eta prezioa hobetu behar direla adierazi dute. Alokatzeko zein erosteko etxebizitzen prezioak altuegiak izatea ez dute ondo ikusten.
Bestalde, parte hartze prozesuan egon diren gehienek uste dute herri atsegina eta garbia dela, eta ez dela zaratatsua. Gizarte sarearen arloan, senitartekoekin, auzotarrekin edota merkatariekin harreman ona dutela eta elkar laguntzen direla esan du gehiengoak. Eta gizarte eta osasun zerbitzuak oso ondo baloratu dituzte.
Ekintzak martxan jartzeko hiru urte izango dituzte. Ekintza planaren ebaluazioa egingo dute ondoren; zer eta nola bete den aztertzeko, eta zerbait egin ez bada hori nola bete ikusteko. «Egin barikoak martxan jartzeko eta premia berrietarako, berriz diagnostikoa egingo genuke».