Ia 500 atletek izena eman dute Lekeitioko 26. Triatloia lehiatzeko

Zapatuan [ekainak 16] 17:00etan hasiko da, eta Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan. Parte hartzaileek 14:00etatik 16:00etara jaso beharko dituzte dortsalak, udaletxe azpian. Horiek elizapean izango dute arropak uzteko lekua (15:00-19:00).

475 triatletak izena eman dute. 750 metroko igeriketa saioagaz hasiko dute lehia. Ondoren, bizikletak hartu eta 21 kilometroko ibilbidea egingo dute. Amaitzeko, berriz, bost kilometro egingo dituzte arineketan.

lekeitiokotriatloia

Igeriketako irteeran, nesken eta mutilen artean ordu laurdeneko tartea egongo da. Bizikletako bira gunean, berriz, lehenengo eta azkenengo triatletaren artean gehienez 40 minutuko tartea onartuko dute. Momentu horretatik aurrera heltzen direnak “kontrolez kanpo” geratuko direla jakitera eman dute.

Gainera, lehiatzeko gainditu beharreko denborak ere zehaztuta daude; igeriketan 22 minutu eta erdi zehaztu dute, eta igeriketa eta bizikleta probak batuta, ordubete eta hamar minutuko denbora ezarri dute. Hala, helmugaratzeko zehaztutako denbora, ordubete eta 50 minutuan zehaztu dute.

Garraitz Kirol Taldekoek nesken parte hartzea azpimarratu dute. Hain zuzen, 80 emakume lehiatuko dira Lekeition, orain arteko errekorra hautsiz.

Halaber, Lekeitioko Udalak Garraitz Kirol Taldeko kideen lana goraipatu du: “26 urte hauetan, Lekeitioko Triatloia Bizkaia eta Euskal Herri mailan goreneko tokietan jarri da, eta hori lortzeko lan handia egin dute Garraitz Kirol Taldeko kideek. Eskertzekoa da benetan bere parte direnek egiten duten esfortsua, baita antolatzen ibiltzen diren herritarrena ere”.

Udalaren kirol sailak Garraitz KTren esku utzi ditu bere baliabide material zein ekonomikoak, “triatloiak Lekeitiori ematen dion ekarpena bere horretan mantentzeko”.

Sariak. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan lehenengo hamar sailkatuek jasoko dituzte sariak. Irabazleek, txapeleta eta garaikurraz gain, 600 euro irabaziko dituzte. Bigarrenek 400 euro eta garaikurra, eta hirugarrenek 300 euro eta garaikurra irabaziko dituzte.

Kadete, junior eta 23 urtez azpikoetan, nesketan zein mutiletan, lehenengo hirurak sarituko dituzte. Irabazleek garaikurra, kirol materiala eta 40 euro eskuratuko dituzte, eta bigarren eta hirugarren geratzen direnei kirol materiala oparituko diete.

Bestalde, taldekako sariei dagokienez, lehen hiru taldeei garaikurrak emango dizkiete.

Bertoko taldeak:

  • Garraitz Kirol Taldea: Mireia Arrillaga, Arnaitz Aboitiz, Aratz Aizpurua, Igor Basterretxea, Antxon Goitia, Aritz Iriondo, Alba Mendoza, Iñaki Mendieta, Eneko Ormaetxea, Iker Prieto, Ander Ugarteburu, Paula Ugarteburu, Haritz Uria, Peio Urrutibeaskoa, Julen Zamora eta Karmel Zubiaur.
  • Amandarri Triatloi Kluba: Alejandro Astraburuaga, Markos Bernaola, Jon Ander Bilbao, Gontzal Korraletxe, Mikel Errasti, Haritz Garate, Jon Garatea, Aitor Garcia de Andoin, Paul Goitia, Salvador Gonzalez, Javier Gutierrez, Joseba Iturraspe, Aintza Iturraspe, Mikel Kintana, Jesus Mari Valencia, Josu Vallina eta Unai Yañez.
  • Alarabi Lea-Artibai Markina: Patxi Aldazabal, Luis Bustingorri, Abel Calvo, Aitor Goti, Gontzal Ibarzabal eta Zorion Kareaga.
  • Koaxi HIB TT: Joseba Aristi, Joseba Ander Basaras, Miren Arantzazu Burgoa, Erlaiz Joaquin eta Mikel Stevenson.

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend