50 urte bete dira Zubi Zahar herri ikastola sortu zenetik, eta ospatzea merezi duen urteurrena izanik, hainbat jarduera egin dituzte hilero urteurren berezia ospatzeko. Zapatuan [ekainak 16]
Ikastola Eguna egingo dute, eta aurreratu dutenez, urteurreneko eta ikasturteko azken ekintza izango da. “Honekin amaiera emango diegu urteurreneko ospakizunei”.
Egun osoko ospakizuna izango da, eguerdian hasi eta gauerdira arte, eta bertan egungo eta aritutako ikasle, irakasle, guraso eta langileek hartuko dute parte. Horretarako
egitarau zabala prestatu dute: umeentzako jolasak, dantzaldia, bazkari herrikoia, DJak, danborrada, joaldunak, abesbatza kalez kale… Herri guztia ekimenetan parte hartzera gonbidatu dute antolatzaileek.
Ikastolako joaldunen hotsarekin sartuko dira jai giroan, eta herri guztian zehar ibiliko dira giroa berotzen. Ostean, egungo ikastolaren eraikina inauguratu zenean bezala,
danborrada egingo dute ikastolatik hasita. 300 bat lagun danbor hotsa han-hemenka zabaltzen ariko dira;
Diana,
Iupi ia ia,
Guztiok Ondarru, Balego, Debako martxa txandakaturik joko dituzte danborrada Musika Plazan amaitu aurretik.
Aspaldian batu gabe egon ostean ere, ikasle ohiak, guraso ohiak, langileak, eta guraso batzuk
ikastolako abesbatzan batzea lortu dute zapatuko ekimenerako. “Plazagainean berotuko ditugu ahotsak, eta handik Alde Zaharrean ibiliko gara kalez kale. Danborrada amaitzen denean Musika Plazara joango gara”. Aurreratu dutenez, hainbat ezusteko egongo dira abesbatzaren emanaldian.
Danborrada amaitu ondoren,
ekitaldi ofiziala egingo da frontoian. “Irakasleek emango diote hasiera ekitaldiari, ezusteko eta guzti. Eta gero Iker Lizarzaburu lehendakariak hartuko du hitza. Abesbatzak ere kantatuko du tartean”. Handik, bazkaltzera abiatuko dira denak. Bazkaltzen denetara 700 bat lagun batuko dira. “Denok ondo kabitzeko lehenengo umeek jango dute 14:15ean, eta gero nagusien txanda izango da 15:00etan”.
Txikienek jan ostean, Txirrimorraskik antolatu dituen
jolasetan dibertitzeko aukera izango dute Alamedan, eta nagusiei, berriz, Julen Alonso eta Eva Astigarraga trikitilariek alaituko diete bazkalondoa. “Nahi duenak dantzan eta kantuan egiteko aukera ere izango du”.
Bapo bazkaldu eta gero, Zumba saioa egingo dute Itziar Ormaetxearekin batera. Eta gorputzak ondo berotu ondoren, MP5 taldearen kontzertuan gerriak astintzeko aukera izango dute Itsasaurren. Eguna
DJ saioagaz amaituko dute
EGITARAUA
- 11:30ean jaiari hasiera emateko
- Danborrada ikastolatik
- Ikastolako abesbatza Plazagainetik
- Ikastolako joaldunak herri osoan zehar
- 13:30. Ekitaldi nagusia, frontoian
- 14:15. Herri bazkaria, Itsasaurreko karpan
- Bazkalostean. Kantu eta dantzak Julen Alonso eta Eva Astigarraga trikitilariekin.
- 15:30-18:00. Umeen jolasak Alamedan, Txirrimorraskiren eskutik
- 18:30. Zumba saioa Itziar Ormaetxearekin, Itsasaurreko karpan
- 20:00. Erromeria MP5 taldearen eskutik, Itsasaurreko karpan
- 22:00-00:00. DJ Elepunto eta DJ Kool