Lea-Artibai Amankomunazgoak hondakinen kalitatea neurtzeko karakterizazio ikerketa pasa berri du, eta datuak oso pozgarriak direla adierazi du. Astean
16.680 kilo organiko batzen da, eta horretatik
%94,87 konpostagarria da; errefusa soilik %5,13 da. “Errefusean kartoi, beira, plastikoa, metal eta brik poteak aurkitzen ditugu”. Datu horien aurrean, organikoaren bilketan errefusa soilik %5 izatea “eredugarria” dela esan du Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak.
“Bizkaian gehien bereizten duen eskualdea gara, eta ikerka honi esker gainera, badakigu ondo egiten ari garela”, gaineratu du Eluk.
Herritarrak ere zoriondu egin nahi izan dituzte. “Azpimarratu behar dugu organikoan topatu diren material ez konpostagarrien artean beste
edukiontzietara bideratzeko materiala egon da. Beraz, epe laburrean herritarrok ohiturak zaintzen baditugu, errefusaren maila jaistea espero dugu”.
Herritar batzuek organikoa plastikozko poltsetan botatzen dutela esan dute, eta ez poltsa organikoetan
Halaber, herritar batzuek organikoa plastikozko poltsetan botatzen dutela esan dute, eta ez poltsa organikoetan. Horren harira, gogorarazi dute poltsa organikoak eskuratzeko makinak Ondarroan (udaletxeko beheko bulegoetan), Markina-Xemeinen (Artibai kalean) eta Lekeition (Merkatu Plazan) daudela. Horrez gain, gainerako herrietan udaletxean eskuratu ahal dira.
Gaikako bilketa edukitzen ari den emaitza onen ondorioz, ekainetik aurrera Amankomunazgoak astean hirutan bilduko du organikoa; orain arte astean bitan jasotzen zuten.
91 sortzaile handi berri. Amankomunazgoak egindako kanpainari esker, organikoaren sortzaile handiak diren 91 puntu berri hasiko dira organikoa bereizten. “Eskualdeko denda, taberna eta bestelako komertzioekin harremana egin eta gero, Berriatuan hiru dira parte hartuko duten sortzaile handiak, Etxebarrian bat, Lekeition 39, Markina-Xemeinen 16, Ondarroan 30 eta Ziortza-Bolibarren 2”.
Dena dela, aurrera begira, 91 puntu berri horiekin Amankomunazgoak espero du
gaikako bilketa datuak “asko hobetzea”. Eta oraindik izena ematerik eduki ez duten sortzaile handiek Amankomunazgoaren bulegoetan izena eman ahal dute. “Herritarrak izugarriko emaitzak lortzen ari dira, eta orain batu diren sortzaileekin emaitzak asko hobetuko dira. Hala ere, oraindik parte hartzera animatu ez diren bizilagun eta dendekin harremanetan jarraitu behar dugu, kontzientziatu eta parte hartzera gonbidatuz”.