EH Bilduk Busturialdeko Ur Partzuergoaren kudeaketa publikoaren alde egin du
Eskualdeko partzuergoaren bideragarritasun ekonomikoa «frogatuta» dagoela adierazi du koalizioak. Bizkaia osorako partzuergo bakarra izateak pribatizazioa bizkortuko lukeela dioteEskualdeko EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuer...
Eskualdeko partzuergoaren bideragarritasun ekonomikoa «frogatuta» dagoela adierazi du koalizioak. Bizkaia osorako partzuergo bakarra izateak pribatizazioa bizkortuko lukeela diote
Eskualdeko EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko azken asteetako albisteen aurrean, EH Bilduko Busturialdeko hainbat alkate eta kargu bildu ziren atzo Bermeon. Bertan, Busturialdeko Ur Partzuergoaren kudeaketa publikoaren alde egin zuen koalizioak, eta eskualdeko baliabide eta langileekin kudeaketa hori bermatzea posiblea dela adierazi du.Besteak beste, Iratxe Arriola Eako alkatea eta Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordea egon ziren agerraldian. Ibarrolazaren berbetan, Busturialdeko Partzuergoak, uren kudeaketaren esparruari dagokionez, arro hidrografikoari lotutako kudeaketaren aldeko apustua egiten du. Bizkaian, arro hidrografiko horiek neurri handi batean eskualdeekin bat egiten dutenez, Partzuergoen eguneroko kudeaketan arroak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu zuen alkateordeak.
Arriolak adierazi zuenez, Busturialdeko Ur Partzuergoa eskualdeko langileez osatuta dago, eta bere bideragarritasun ekonomikoa «frogatuta» dago. «Bertako langileekin bertako ura kudeatzen» dela argitu zuen Arriolak, «hurbiltasun bategaz».
Ura «oinarrizko eskubidea» dela azpimarratu zuen alkateak, «ezinbestekoa den baliabidea» eguneroko bizitzarako. Hori dela eta, «merkatuen logikatik kanpo» funtzionatu behar duela aldarrikatu zuen. Horrez gain, «pribatizazioaren bidetik jarraituz», Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa publikoa den arren, langilegoaren %60 uren multinazional handien eskuetan dagoela esan zuen. Hala, partzuergoaren inbertsioak publikoak diren arren, irabazien gehiengoa pribatua dela adierazi du Arriolak, eta horrek «ura arrazoizko prezioetan ematea, ez gaur egun ez eta ere etorkizun hurbilean» ez duela bermatuko.
Monopolioa
EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea ez dutela onartzen argitu dute EH Bilduko karguek, «interes ekonomikoei begira» hartutako erabakia dela iritzita.
Horren harira, Arriolak argitu du Bizkai osorako partzuergo bakar bat edukitzeak «monopolio» batera eramango dituela eta «pribatizazio gordina» bizkortuko duela.
Horren ondorioz, gaur Gernika-Lumon ospatuko den Batzar Nagusietako osoko bilkuran gaiari lotutako mozioa defendatzeko asmoa daukatela adierazi dute koalizioko kideek.