IX. Bilboko Banderagaz hasiko dute Eusko Label Liga, domekan

Badator Eusko Label Liga. Bilboko IX. Banderagaz hasiko da TKE Ligako arraun taldeen arteko lehia, domeka eguerdian.

12 traineru eta 19 jardunaldi. Emozioa eta lehia bizia ziurtatuta egongo dira aurtengo denboraldian ere.

Domekakoa izango da denboraldiko erlojupeko bakarra. 12:00etan Udaletxeko Zubian hasi, eta lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte arraunlariek.

Minutu bateko tarteagaz aterako dira traineruak, iazko sailkapenean azken postutik lehenengorako ordenean. Lehen txandan Donostiarra, Santurtzi, Cabo eta San Pedro egongo dira. Bigarren txanda Ondarroak, Tiranek, San Juanek eta Zierbenak osatuko dute, eta hirugarren txandan aterako dira Kaiku, Orio, Hondarribia eta Urdaibai.

KAE 2koak, Elantxoben

Bestalde, KAE 2ko arraun taldeek Elantxoben dute hitzordua, domeka eguerdian. Colindresek, Laredok, Castreñak, Lutxanak, Elantxobek eta Mutrikuk osatuko dute lehenengo txanda. Bigarrenean, Sanpedrotarra, Hondarribia, Bermeo eta Santoña aterako dira, eta hirugarrenean, Camargo, Orio, Donostiarra eta Getxo-Arraun.

12:00etan hasita, 5.556 metroko estropada eremuan lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte parte hartzaileek.

Bermeon

Aurreko domekan V. Bermeoko Bandera Arraun Elkartea lehiatu zuten, KAE 2ko denboraldiari hasiera emanez. Getxo izan zen azkarrena. 21.16,15eko denbora egin zuten getxoztarrek. Etxeko taldea seigarren sailkatu zen (21.44,92), eta Elantxobe hamargarren (22.27,51).
Ez dago iruzkinik

Send this to friend