Markos Untzeta & Esku Hutsik taldeak disko berria aurkeztuko du Ondarroan

'Eguzki gorri bat' izena dauka diskoak, eta aurkezpen kontzertu ofiziala gaur izango da, Beikozinin. Taldekide guztiek batera jotzen duten lehenengo emanaldia izango da gaurkoa

Markos Untzeta & Esku Hutsik taldeak Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak) disko berria aurkezteko kontzertua eskainiko du gaur, Ondarroako Beikozinin. Emanaldia afarien ostean hasiko dela iragarri dute. Gaurko kontzertua diskoaren aurkezpen ofiziala izango da, eta taldekide guztiak batera ariko diren lehen emanaldia.

Untzetaren biografia musikalean ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu Eguzki gorri bat lanak. Hala, rock amerikarra, folk, country eta soul ukituak ere bildu dituzte diskoan. «Entzule finak Tom Petty, Neil Young edota Lucinda Williamsen oihartzunak antzemango ditu melodia eta atmosfera ederrez beteriko kantu hauetan, baina, aldi berean, jabetuko da influentzia horiek guztiak bere nortasunaren galbahetik pasatzeko Untzetak beste behin erakusten duen trebezia eta heldutasunaz».

Untzetaren bosgarren diskoa da. Oraingoan, baina, azken urteetan bidaide izan dituen Anjel Ituarte (baxua), Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa) eta Iñaki Belaustegi (bateria) musikariekin taldea egonkortuta dator.

Azken urteetan zuzenekoetan lagundu dioten musikariak dira, baina hauxe da Untzetagaz egin duten lehen grabazioa. Aurreko diskoetan Seinaleak izenekoan izan ezik kolaboratzaile ugarik janzten zituzten Untzetaren abestiak; oraingoan, berriz, talde izaera indartu eta soinu oinarrizko eta zuzenago baten alde egin du Untzetak. Lau musikariek batera joaz grabatu dute Eguzki gorri bat, Tio Pete estudioan, Unai Mimenza soinu teknikariagaz batera.

Oro har, diskoa ukitu nostalgikoak dituen disko ez nostalgikoa dela dio Eibarren jaiotako musikariak.
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend