Ume eta gaztetxoen probagaz dator aurtengo Gerlarien Erronka
Bigarren urtez jarraian lehiatuko dute Gernika-Lumon natura eta abentura lortzen dituen Gerlarien Erronka. Iaz egun bakarrean egin zuten proba, aurten, berriz, zapatuan eta domekan bilduko dira gerlariak.Ume eta gaztetxoen proba da aurtengo berritasun ...
Ume eta gaztetxoen proba da aurtengo berritasun nagusia. Bihar 17:00etan hasiko dute oztopo proba 7-11 urte bitartekoek, eta 11-14 bitartekoek, berriz, 18:00etan dute irteera ordua. Nagusiei dagokienez, 19:00etatik aurrera lehiatuko dira 3 kilometroko probaren parte hartzaileak. 3 km-ko proba laburra ere bada aurtengo berrikuntza.
Domekan, berriz, 12 eta 6 kilometroko probetako gerlarien txanda izango da. 12 kilometroko elite mailakoekin hasiko da proba, 10:00etan. Txandaka joango dira ateratzen, ordu laurdeneko tartea utzita.
Antolatzaileen berbetan, umeen proba dibertigarria izango da, eta talde lana eta laguntasuna bultzatzea dira helburu nagusiak. 1,5 eta 3 kilometroko ibilbideak izango dituzte, urez, basaz, hormez, piramidez eta bestelako elementuez beteta.
Nagusientzat «megaoztopo» berriak jarriko dituztela aurreratu dute, jungle, Goliat 2.0 eta zombie attack, besteren artean. Horietan parte hartzaileek euren indarra, oreka, erresistentzia eta abilezia neurtuko dituzte, bai eta elkarlana, laguntasuna eta tolerantzia bezalako balioak ere.
Antolatzaileek jendetza batzea espero dute; domekarako, esaterako, 2.000 gerlari espero dituzte. Parte hartu gura dutenek oraindik ere izena eman dezakete www.desafiodeguerreros.com webgunean.
Elkartasuna
Probako izen emateekin bildutako diruaren zati bat Espainiako Minbiziaren Kontrako Erakundeari emango diote. Hain zuzen, udaleko ordezkariek domekan 13:00etan emango diete txekea erakundeko arduradunei.