Arane Gibelortzagako alkatea hautatuko dute auzoko bizilagunek
Arane Gibelortzaga auzoko alkatea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte datorren uztailaren 15ean.Auzo horretako alkateak izendapenari uko egin ondoren ospatuko dira hauteskundeak. Horrela, atzo egindako osoko bilkuran hauteskunde prozesu bat zabalt...
Auzo horretako alkateak izendapenari uko egin ondoren ospatuko dira hauteskundeak. Horrela, atzo egindako osoko bilkuran hauteskunde prozesu bat zabaltzea aho batez onartu zuten udal ordezkariek.
Bermeoko Udalak azaldu duenez, 2016ko otsailaren 25ean izendatu zituen udal osoko bilkurak auzo alkateak, euren artean Arane Gibelortzagakoa. Otsailean, baina, auzoko alkateak izendapenari uko egiteko eskaria aurkeztu zuen. Horren aurrean, 2015eko abenduaren 20ko hauteskunde prozesuan botoak eskuratu zituzten hautagai denei deitu die, eta denek uko egin diote izendapenari.
Hauteskunde mahaia Bermeoko Arane kiroldegian jarriko dute, 10:00etatik 13:00ak arte. Bozketa eta botoen zenbaketaren arduradun mahaia Bermeoko Udalaren bi zinegotzik osatuko dute.
Udaleko arduradunek azaldu dutenez, botoak isilekoak izango dira, gutun azal baten barruan jarritako txartelaren bidez. Inprimaki horretan, auzokide baten izena idatzi beharko dute botoa ematera doazenek. Hautesleek, botoa emateko, Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko diete mahaikoei. Aipatutako txartelak zein gutun azalak Bermeoko Udalak emango ditu. Auzo errondan dauden 18 urtetik gorakoek eman ahal izango dute botoa.
Udalaren eta auzoen zubia
Auzo alkateak Bermeoko Udalaren eta auzoen arteko «zubia» direla adierazi dute udaleko ordezkariek, eta euren auzoetako bizilagunak ordezkatzen dituztela gogoratu nahi izan dute. Horrela, Bermeoko Udalak Arane Gibelortzagako 124 auzokideak bozkatzera deitu ditu.