Ondarroako 33. itsas lasterketan 400 bat igerilarik parte hartuko dute

Ondarru Igeri Taldeak antolatuta, Ondarroako 33. itsas lasterketa-Elena Fernandez Iturrioz memoriala egingo da zapatuan [uztailak 14], Ondarroako Arrigorri hondartzan. Antolatzaileek jakitera eman duten datuen arabera, 400 bat igerilari federatuk eta ez federatuk parte hartu duteko zeharkaldian.

Lasterketa 10:30ean hasiko da Arrigorri hondartzan, eta aurretiaz izena eman barik duten igerilariek egunean bertan izena emateko aukera izango dutela adierazi dute igeri taldeko kideek. “Parte hartu nahi dutenek 10:00ak baino arinago hurreratu beharko dute izen emate mahaira. Hori bai, azken orduan izen emateak 10 euroko gainkostua izango du”.

Ohi modura, bi lasterketa egingo dira. Umeen mailan 2004. urtean eta ondoren jaiotakoek parte hartu ahal izango dute, eta nagusien mailan, berriz, 2003. urtean eta aurretik jaiotakoek parte hartzeko aukera izango dute.

Ondarroako itsas zeharkaldia

Ondarroako itsas zeharkaldia. Argazki: Ondarru Igeri Taldea

Uretaratzen lehenak haurrak izango dira. Gaztetxoek 600 metro egin beharko dituzte Ondarroako badian bertan. Hau da, hondartza aurrean prestatuta egongo den itsas zirkuituari buelta bat eman beharko diote. Uretaratzen lehenak haur mailako mutilak izango dira, eta azken mutila Arrigorrira ailegatzen denean, neskek egingo dute dzanga.

Haur mailako igeri lasterketaren ostean, nagusien zeharkaldia izango da. Nagusiek 1.600 metro egin beharko dituzte igeri. Hondartzatik irten eta portuko musturra baino haratago egongo den buiara joan eta handik Saturraran parera joan beharko dute. Azkenik, Arrigorri hondartzara bueltatuko dira. Mutilak izango dira lehenak uretara salto egiten lehenak, eta lehen buia parera ailegatzen direnean hasiko da nesken lasterketa.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, bestalde, arropak eta motxilak uzteko tokia izango dute parte hartzaileek, “hondartzan bertan ipiniko den haiman”.

Sariei dagokienez, parte hartzaile guztiek kamiseta bat eta domina bat jasoko dute oroigarri. Horrez gain, lau kategoriatan banatuta emango dira sariak: haurrak, senior, master eta beterano kategorietan, hain zuzen. Sari horiez gain, proban parte hartzen duen zaharrenak ere sari berezia izango duela aurreratu dute. Eta, azkenik, Ondarru Igeri Taldeko lehen emakume eta gizonezko sailkatua ere saria izango du. Elena Fernandezen familiak banatuko du azken sari hori.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend