Zergatik ez? espedizioari harrera beroa egin diote Ondarroan
Ametsak egi bihur daitezte, eta maite duguna eginez bada, askoz hobeto. Hori pentsatuta abiatu zen eguenean Oriotik Zergatik ez? espedizioa. 32 emakume, traineru bat eta ontzi bat uretaratu ziren. Erronka, lau etapatan 198 kilometroko Orio-Bilbo-Orio ibilbidea arraunean egitea. Egunean, bataz beste, 7-8 orduko ibilbidea.
Portugalete atzean utzita, gaur [uztailak 14] ailegatu dira Ondarroara. Etapa guztietan luzeena izan dute aurretik –Orio-Bermeo, Bermeo-Portugalete egin dituzte aurretik), eta 13:30erako Ondarroako portura sarrera egiteko asmoa bazeukaten ere, beroaren eraginez, atzeratu egin dute ailegaera. Bi ordu beranduago, 15:30ean ailegatu dira. Ordurako, Andrabanda feministaren danbor hotsak entzun zitezkeen Calatrava Zubiaren inguruan. Ordurako, alkate, zinegotzi eta herritarrak zain zituzten. Txalo eta uxu artean eman diete ongietorria. Txaloak bueltatu dizkiete arraunlariek portu inguruan bilduta zeudenei. Besarkada, musu, animo oihu…, emozioz betetako harrera izan da gaur Ondarroan egindakoa. Zunbeltz Bedialauneta alkateak Ondarroako oroigarria eman die herriaren izenean, arrantzale izaeradun oroigarri polita “egin duten balentriagatik”, eta espediziokoek ere oroigarri bat eman diote, Orioko Udalaren izenean azken hori, Ondarroan geldialdia egin ahal izatea eskertzeko.Azken etapa. Etxelila Emakumin Topalekuan pasatuko dute gaur gaua Zergatik ez? espedizioa osatzen duten emakumeek, eta bihar, 198 kilometroak, lehen egunean hain urrun ikusten zituzten horiek burutzeko azken palakadak emango dituzte. Gutxi geratzen zaie egun batean “zorakeria” hutsa zela uste izan zuten erronka egi bihurtzeko. Gutxi falta zaie nahi izatea ahal izatea dela erakusteko. Bisigu Eguna dute bihar Orion. Erronka amaitzeko modu hoberik ezin liteke egon.