Beste behin ere goi-goitik ospatu dituzte Ondarroan Galizia Etxeak antolatutako Karmen jaiak. Barikuan [uztailak 13] hasi ziren jaiak eta domeka [uztailak 15] iluntzeraino festak ez du etenik eduki Itsasaurre plazan. Hainbat ekintza antolatu dituzte azken hiru egunotan, eta Itsasaurre plazara hurreratu direnek Galiziako folkloreagaz zipriztintzeko aukera izan dute.
Egin dituzten ekintzetan hunkigarriena itsasoan hildako eta galdutako arrantzaleak gogoratzeko prozesioa izan dela nabarmendu dute Ondarroako Galizia Etxeko kideek. Beste behin ere Karmengo Ama Birjina prozesioan atera zuten, eta Ama Birjinaren omenezko meza jendetsua egin zuten Andra Mari parrokian. Meza ostean, elizatik Alde Zaharrera jaitsi, eta handik Alamedara egin zuten prozesioa Karmengo Amaren irudia lepoan hartuta. Jarraian, Alamedako pantalanera jaitsi, eta sei kirol ontzitan itsasoratu ziren 50 bat lagun, gaiteroen laguntza eta guzti.
Karmengo Amaren prozesioa. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Itsas prozesioan parte hartu zuten sei ontziak borobilean jarri ziren Ondarroako badian, eta han omenaldi xume bat egin ostean, lore eskaintza egin zieten itsasoan hildako eta galdutako marinelei. “Galiziako banderaren koloreko lora sorta urdin eta zuriak bota genituen uretara”.
Asteburuan Galiziako beste hainbat ohitura ere gogora ekarri dituzte. Zapatuan, esaterako, queimada prestatu zuten, eta momentu hori “magikoa” izan zela azpimarratu dute jaiaren antolatzaileek. Aipatu dutenez, jende ugari hurreratu zen edari magikoaren prestaketa eta bere inguruko erritua ikustera. “Azkar amaitu zen aurten queimada, eta bigarren bat ere prestatu behar izan genuen”.
Gaitero talde bat, Ondarroan
Galiziako jaki tipikoak probatzeko aukera ere egon da Itsasaurren propio ipinitako txosnetan, eta musikak ere pisu handia izan du jaietan. Gaiteroak eta dantzariak kalez kale ibili dira egunotan, eta Itsasaurreko kontzertuek jendea dantzan ipini dute.
Antolatzaileak pozik agertu dira jaiak amaitu ostean, eta nabarmendu dutenez, oso ondo joan dira jaiak. “Jende askok parte hartu du jaietan, eta aurten ere jende asko ibili da. Eskerrak eman nahi dizkiegu etorri den jende guztiari”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.