EH Bilduk Mutrikuko Mijoako saneamendu lanen garrantzia berretsi du

URA agentziak agertutakoaren arabera, Mijoa errekako uraren kalitatea “txarra” da, “kutsaduraren ondorioz”. Eta datu “kezkagarri” hori kontuan hartuta, Mijoako saneamendu lanak egitea beharrezkoa dela gogorarazi du EH Bilduk.

Hori dela eta, Mutrikuko EH Bilduk gaiari buruzko mozioa aurkeztuko du hurrengo udalbatzaren osoko bilkuran, eta bide beretik, Batzar Nagusietan ere ebazpen proposamena egiteko asmoa daukatela agertu dute.

Herritarrek eta talde ekologistek urteak daramatzate saneamendu lanak egin behar direla eskatzen, baina oraindik ere ez direla gauzatu nabarmendu du EH Bilduk. Mijoan saneamendu lanak egiteko proiektua adostu zuten 2003an URA agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mutrikuko Udalak, eta urte guzti horietan proiektuak izandako bilakaeraren berri eman dute gaur [uztailak 17] egindako agerraldian Jose Agustin Elezgarai (Euskal Herritarrok 1999-2003) eta Joseba Palenzuela (EH Bildu 2011-2015) alkate ohiek.

Ezkerretik eskumara, Joseba Palenzuela, Ainhize Azpiazu, Iban Asenjo eta Jose Agustin Elezgarai

Ezkerretik eskumara, Joseba Palenzuela, Ainhize Azpiazu, Iban Asenjo eta Jose Agustin Elezgarai

Elezgaraik adierazi zuenez, Mijoako kutsadura murrizteko plan batekin hasi ziren 2.000 urte hasieran. Sei hilabeteko harremanen ondoren, erreka garbitzea lortu zuten, baina gehiago egin beharra zegoela adostu zuten URA agentziarekin batera.

Garai hartako udal agintariek hainbat aurrepauso eman zituztela azaldu zuen Elezgaraik. “2002an saneamendu urak eta bestelakoak batu eta ponpatzeko proiektua eskatu genion URA agentziari”. Agintaldia amaitu aurretik ur sailak eta partzuergoak proiektua eginda aurkeztu zioten garaiko udalari. “Baina proiektu horretan ez zen jasotzen ez baserrietako ez aldameneko beste etxe bizitzen ur fekalik. Guretzako horrek ez zuela balio esan genien”.

EH Bildu 2011n agintaldira bueltatu zenean, berriz, Mijoako gaia lehentasunezkotzat jo zuten. Palenzuelaren esananetan, saneamendu sarearen ibilbidearen gainean Mutriku-Saturraran bidegorria egitea aurreikusi zen euren aurreko agintaldian (EAJ). Hitzarmen hartan zioenaren arabera, lanak 2012an hasi beharko lirateke.

Mijoako lanak, agerraldia

Gaur eguerdiko agerraldia

Palenzuela alkate zela, aldiz, aldundiak proiektuaren berridazketa osoa egin zuen. 2015ean, esaterako, aldundiak dirua gorde zuen Gipuzkoan beste hainbat proiekturekin batera Mutriku-Saturraran bidegorria eta Mijoako saneamendua egiteko, eta dena Gipuzkoako Batzar Nagusietan ontzat emateko zain geratu zen. “EAJk eta PSEk aurkako botoa eman zuten, eta eskaerak ez zuen aurrera egin. Horretarako dirurik ez zegoenez, bere horretan geratu zen proiektua”.

Iban Asenjo Gipuzkoako EH Bilduren Batzar Nagusietako Ingurumen arduradunak, bestalde, esan zuen “Mijoako lanek ez aurrera ez atzera egiten ez zutela ikusita”, 2016an galdera bat sartu zutela Batzar Nagusietan, eta ez ziotela ezer garbirik erantzun.

Ondoren, ebazpen proposamen bat egin zuten, eta bertan Gipuzkoan falta diren saneamendu lanak egitea eskatu zuten, Mijoakoa tartean. “Lanak ahalik-eta azkarren burutzea eskatu genuen”. Baina proposamen hori atzera bota zuten EAJk eta PSEk. “Ikusten dugunez utzikeria dago EAJ eta PSEren gobernuen aldetik. Gai honi ez diote inongo lehentasunik eman. Ahal dugun neurrian gure indar guztia erabiliko dugu lan hauek ahalik-eta azkarren egiteko”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend